Politika -
Nafarroa
Alkateak eta NaBaiko lau zinegotziek dimititu egingo dute Olaztin
Txentxo Jimenez Aralarreko koordinatzaileak azadu du Batasunetik pairatutako "jazarpenen" ondorioz aurkeztuko dutela dimisioa.
Erredakzioa
Olaztiko alkateak eta Nafarroa Baiko lau zinegotziek dimisioa aurkeztuko dute hilaren 28an. Koalizioaren zuzendaritzak salatu du dimisioak Batasunetik egindako "jazarpenen" ondorio direla.
Txentxo Jimenez Aralarreko koordinatzaileak EFEri adierazi dionez, "Batasunak ez du onartu hauteskunde porrota", eta NaBairen aurkako "jazarpen prozesua" abiatu du, "mehatxuak" eta guzti.
Halaber, NaBaiko udal talde horretan denak independenteak direla zehaztu du.
Jimenezen esanetan, Olazti "herri zaila" da, "hainbat pertsona ez baitaude prest jokatzeko moduak aldatzeko", eta azken aldian "presioek eta mehatxuek" gora egin dute.
Dimisioa gauzatu eta gero, Udalean hiru zinegotzi baino ez dira geratuko, bi EAE-ANVkoak eta PSNko bat. Horrenbestez, seguru aski Nafarroako Gobernuak batzorde kudeatzailea sortu beharko du.
Jimenezek esan du gertatutakoa eta sindikatu abertzaleen greba orokor egunean pairatutako erasoak mahai gainean jarriko dituztela Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak egingo duten hurrengo bileran.