Politika -

ETAko kidea

Jon Anzaren zerraldoari harrera egin diote senideek Ziburun

ETAko kidea Frantziako hegoaldean desagertu zen, 2009ko apirilaren 18an eta bere gorpua martxoaren 12an aurkitu zuten Tolosako (Frantzia) ospitale bateko gorputegian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Anza ETAko kidearen gorpuari harrera egin diote senideek, lagunek eta ezker abertzaleko militanteek gaur Ziburuko (Ipar Euska Herria) beilatokian. Anzaren gorpuzkiak gaur goizean entregatu dizkiete senideei, Tolosako (Frantzia) ospitale batean hil eta urtebete geroago.

Anza Frantziako hegoaldean desagertu zen, 2009ko apirilaren 18an eta bere gorpua martxoaren 12an aurkitu zuten Tolosako ospitale bateko gorputegian. ETAko kidea bertara joan zen beste kide batzuekin biltzeko.

Jon Anzaren zerraldoa zeraman autoa 15:30ean heldu da Ziburuko beilatokira. Hilkutxa ikurriña batek estaltzen zuen.

Ikurriñak dolu-xingolekin

Beilatokiaren kanpoaldean ezker abertzaleko ehun bat jarraitzaile bildu dira, horietako asko dolu-xingolak zituzten ikurriñak eskuetan.

Bertan izan dira ezker abertzaleko ordezkariak, besteak beste, Miren Legorburu bozeramailea eta Josetxo Ibazeta Donostiako zinegotzi ohia.

16:30ean zerraldoa beilatokiaren sarreran jarri dute senideek, ETAko kideari lehen omenaldi bat egiteko.

Anzaren gorpua Ipar Euskal Herrian hobiratuko dute eta bihar omenaldia egingo diote ekitaldi politiko batean, Ziburun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea