Politika -
Katalunia
'Moderazioa' ezartzeko laguntza eskatu die Rajoyk enpresaburuei
Bestalde, Espainiako Gobernuko presidenteak 3.900 milioi euroko inbertsioa iragarri du Kataluniako aldiriko tren zerbitzuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak laguntza eskatu die enpresaburuei "moderazioaren, zuhurtziaren eta erantzukizunaren borroka irabazteko" eta etorkizunarekiko, legearekiko eta elkarrizketarekiko konexioa eten nahi dutenekin "gogaidetasuna berreskuratzeko" eta "elkarrizketa zubiak berreraikitzeko".
Bartzelonan azpiegiturei buruz antolatutako jardunaldian egin du Rajoyk iragarpena. Bertan azpimarratu duenez, "gogaidetasuna eta zentzua gailenduko dira", eta Espainiako Gobernuak ez die ez legeari ezta elkarrizketari ere izkin egingo.
Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, "krisi izugarria" gainditu ostean ez da garaia "pobrezia" eta "ezegonkortasun politikoa" ekarriko duten "abenturak" abiatzeko, Kataluniako Gobernuak bultzatutako prozesu independentistari zeharka erreferentzia eginez.
Inbertsioa azpiegituretan
Rajoyk iragarri duenez, Espainiako Gobernuak 3.900 milioi euroko inbertsioa egingo du Rodalies Planean, Kataluniako aldiriko tren zerbitzuan. Zehatz-mehatz esanda, 1.882 miloi euro inbertituko ditu 2020ra bitartean; gainerako guztia, 2021-2025 aldian.
"Plan hau errealista, bideragarria eta egiaztagarria" izango dela adierazi du Rajoyk.
Bestalde, Mediterraneoko Korridoreari dagokion Kataluniako zatia 2020ko udaberrirako amaituta egongo dela esan du, eta Espainiako Gobernuak 667 milioi euroko inbertsioa egingo duela iragarri du. Lanak amaitutakoan, Bartzelona eta Valentzia arteko bidaia ordu erdi gutxiagoan egin ahalko da.