Politika -
Jean-Serge Nerini omenaldia
Rubalcaba: 'Frantziako poliziaren hiltzailea kartzelan dago'
Polizia frantziarra iragan martxoan hil zuten, tirokatuta, eta Barne ministroak adierazi duenez, dagoeneko espetxean dauden lau ETAko kideen artean dago hiltzailea.
Erredakzioa
Iragan martxoan, tiroketa batean hil zen Frantziako poliziaren hiltzailea, "segur aski" , inputaturik eta kartzelan dauden lau ETAko kideen artean dagoela adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak.
Hala ere, Jean-Serge Nerin agentearen hiltzailea Mikel Carrera Ata ETAko buruzagi militarra izan ote zen ez du zehaztu ministroak. Carrera iragan maiatzean atxilotu zuten.
"ETAko buruzagiak autoak lapurtzen dituenean, gauzak ez doaz batere ongi", erantsi du Rubalcabak.
Brice Hortefeux Frantziako Barne ministroarekin batera agerraldia egin du Rubalcabak, martxoaren 16an hildako poliziari omenaldia egin ostean. ETAk hil duen lehen biktima frantsesa da. Omenaldia Dammarie-le-Lyseko polizia-etxean egin dute.
Inputatuak
Mikel Carreraz gain, Arkaitz Aguirregabiria eta Joseba Urbieta auzipetu dituzte hilketa horretan parte hartzea egotzita. Aguirregabiria Carrerarekin atxilotu zuten Baionan (Ipar Euskal Herria), maiatzaren 20an, eta Urbieta Saint Bonnet La Rivieren (Correzeko departamentua) atzeman zuten, ekainaren 10ean.
Laugarren inputatua Joseba Fernandez Aspurz El Gundi da, tiroketaren ostean atxilotua. Frantziako Poliziak zenbait autoren lapurreta eragotzi zuen eta ETAko kideekin tiroketa izan zuen.
Bisita
Nerinen lantokira joan dira Rubalcaba eta Hortefeaux eta hildako poliziaren hiru lankideekin eta senideekin hitz egiteko aukera izan dute. Hiru lankideak patruila berean zihoazen.
Prentsaurrekoan, Frantziak ETAren "atzeguardia basearekin" amaitu duela ziurtatu du Hortefeauxek. ETA "beste lurralde bat" bilatzen ari da, bertan finkatzeko, Frantziako Barne ministroak erantsi duenez.