Politika -
Gobernu Kontseilua
AHTren hiru lizitaziori argi berdea emango die Gobernu Kontseiluak
Naturgaseko %25eko partehartzea saltzea eta Lehiakortasun Planaren onarpena izango dira mahai gainean izango dituzten gairik garrantzitsuenak.
Erredakzioa
AHTren hiru lizitazio berriri oneritzia emango dio opor aurreko azken Gobernu Kontseiluak. EITBk jakin ahal izan duenez, 354 milioi euroko aurrekontua izango du hiru zatien lizitazioak.
Zehatz mehatz, Andoain-Urnieta; Antzuola-Ezkio/Itsaso eta Urnieta-Hernani zatien lizitazioari argi berdea emango dio Eusko Jaurlaritzak. Urrats hau eman eta gero, AHT-ren Gipuzkoako 20 zatitatik 11, martxan izango dira urtea amaitu baino lehen.
Eusko Jaurlaritzak gaur erabakiko du baita Naturgasen dituen akzioak saldu ala ez operazioa bihar bertan ixteko. Dena den, akzioak salduta ere, %5aren parte hartzeari eutsiko lioke egoitzak Euskadin jarrai dezan. Operazio horren bidez 300 miloi euro jasoko lituzke Jaurlaritzak.
El Correo egunkariak dioenez, zifra hori adostu du Eusko Jaurlaritzak Naturgasen kontrola duen EDP konpainia portugaldarrarekin.
Aintzinako Gas de Euskadi konpainia, 2004. urtean pribatizatu zuen Juan Jose Ibarretxeren gobernuak. Gasteizko gobernuak konpainiaren akzioen %30 inguru kontrolatzen du gaur egun eta asmoa %25 300 milioiren truke saltzea da.
Salmenta, bihar
Jaurlaritzak operazioari argi berdea eman eta gero, akzioen salmenta bihar egingo luke: Bernabe Unda Industria arduraduna eta Energiaren Euskal Erakundearen presidenteak eta Manuel Menendez Naturgaseko presidenteak sinatuko dute operazioa.
Bestetik, EDPk ere, Donostiako udalaren esku dauden akzioak ere erosiko ditu, konpainiaren %4,1, 50 milioiren truke.
Jaurlaritzaren akzioen salmenta 2004. urtetik adostuta zegoen baina une ezinhobean dator Jaurlaritzarentzat, krisi garaian, administrazio publikoen diru sarrerak nabarmen jaitsi baitira.
Naturgas konpainiak 400 langile ditu, iaz 120 milioi euroko etekin netoa lortu zuen eta gas alorrean 833.000 bezero ditu, 78.000 argindar sektorean.