Politika -

Tauromakia

Zezenketak debekatu edo ez erabakiko du gaur Kataluniako Parlamentuak

Saioa hasi egin da dagoeneko. Bozketaren emaitza ez dago batere argi. Izan ere, CiUk eta PSCk nahi dutena bozkatzeko baimena eman diete euren diputatuei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunia zezenketak behin betiko debekatzen dituen bigarren erkidegoa izan liteke gaur, Kanariar Uharteen ostean.

Parlamentu autonomikoak 10:15ean hasi du eztabaida, eta ondoren bozketa egingo dute.

Bien bitartean, Ganberaren kanpoaldean, zezenketen aldekoek eta aurkakoek elkarretaratzeak egitea espero zen, baina azkenean jende gutxi dago.

Balizko debekuak ikusmin handia piztu du Espainiako zein nazioarteko hedabideen artean, eta Parlamentura hainbat kazetari bertaratu dira. Orotara nazioarteko 14 hedabide eta 300dik gora kazetari daude saioan.

CiUko (Ganberako talde handiena) diputatu gehienak abolizioaren aldekoak direnez, Herri Ekimen Legegilea abantailarekin iritsi da Kataluniako Parlamentura.

Baina azken hitza ez dago esana. ERCk (21 diputatu) eta ICVk (12diputatu) debekuaren alde bozkatuko dute, eta PPk (14 diputatu) eta Ciutadansek (3 diputatu) aurka. Hori horrela, emaitza PSC (37 diputatu) eta CiU (48 diputatu) talde handien esku geratuko da, baina biek askatasuna eman diete euren diputatuei zer bozkatu erabakitzeko. Horregatik ez dago argi zein izango den emaitza.

Herri ekimen legegilea 180.000 pertsonak sinatu dute, eta izapidea duela sei hilabete baino gehiago hasi zuen. Eztabaida nortasun polemiketatik kanpo egon da ia beti, eta besteak beste albaitariek, animalien aldeko elkarteek, toreatzaileek eta sektore horretako enpresaburuek hartu dute parte.

Abenduan, herri ekimen legegilea izapidetzen onartu zutenean, 67 diputatu agertu ziren debekuaren alde, 59 aurka eta 5 abstenitu ziren.

20 Minutos egunkariaren datuen arabera, iaz 10.247 zezen eta txahal hil ziren 2.686 zezenketatan, hots, 28 animalia hilda egunean. Zezenketa kopurua ere dezente jaitsi da, 2008an baino 611 gutxiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea