Politika -
Aurrekontuak
PPrekin kontuak adostea leporatu diote EAJri EH Bilduk eta Ahal Duguk
Euskadiko kontuak 'isilpean eta Madrilen' hitzartu izana egotzi diote EAJri, jeltzaleek Madrilen Rajoyren aurrekontuak onartzearen truke.
Agentziak | Erredakzioa
PPrekin kontuak adostea leporatu diote EAJri EH Bilduk eta Ahal Duguk. "Isilpean eta Madrilen" egin izana egotzi diote, jeltzaleek Diputatuen Kongresuan Mariano Rajoyren Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke.
Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' tertulian, Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak akusazioak ukatu ditu. Politikan "inork ez du txeke zuririk ematen", gaineratu du Egibarrek, PPk "negoziatzeko hainbat baldintza ezarri zituela" berresteaz gain. Ondoren, "EH Bilduk ere gauza bera" egin zezakeela azpimarratu du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ideia bera azpimarratu du. Halaber, EH Bilduri galdetu dio "zergatik ez dituen adostu Eusko Jaurlaritzaren kontuak, eta bai, ordea, Arabako Foru Aldundiarenak, nahiz eta bi proposamenek antzeko ezaugarriak izan".
Bestalde, Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak baieztatu du EAJ "enkante batean sartu zela, ea nork eman boto merkeenak". Orduan, PP negoziazioan sartu zela nabarmendu du: "zuk babestu hemen eta nik babestuko zaitut han".
Lander Martinez Elkarrekin Ahal Duguren legebiltzarkidearen ustez, EAJren eta PPren arteko akordioa "itxita" zegoen aldez aurretik; hala, "datozen lau urteetan Euskadiko eskumenak eta baliabideak salerosten jarraituko dute Madrilen, garaipen politiko gisa saltzeko".
Azkenik, Anton Damborenea PPren legebiltzarkideak gogoratu du 2014. urtean ere popularrek Euskadiko aurrekontuak onartzea erraztu zutela, nahiz eta Mariano Rajoyren gobernuak erabateko gehiengoa izan. Horrez gain, "aurtengo akordioa ez dela sekretua" esan du, ezta "Madrilen adostutakoa ere".