Politika -
ETA-REN ARMAGABETZEA
Apirilaren 8an legea betetzen dela zainduko du Espainiako Gobernuak
Fiskaltzak eskaria egin dio Frantziako Gobernuari, egiaztatzaileen bitartez ETAren armen inguruan jasotzen duen informazioa Espainiari helarazi diezaion.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak gaur azpimarratu duenez, apirilaren 8ko armagabetze ekitaldian legea "zorrotz" betetzen dela zainduko du Espainiako Gobernuak.
Barne ministroak gaur eskaini duen prentsaurrekoan, ETAren armagabetzeaz galdetu diote. Zenbait iturriren arabera, ETAren armen inguruan jasotzen duen informazioa helarazteko eskatu dio Fiskaltzak Frantziako Gobernuari. Dena den, Zoidok ez du informazio hori baieztatu.
"Ez daukat horren berririk. Espainiako Gobernuak ez du bere jarrera ezertan aldatu. ETAk desegin egin behar du, arma guztiak eman, barkamena eskatu, damua agertu, zorrak kitatu eta, hortik aurrera, legea zorrotz bete", esan du.
Terrorismoa goratzeko delituaren inguruan sortutako eztabaidaren harira, legea bere horretan uztearen alde agertu da. "Gaur inoiz baino gehiago behar dugu Espainiako gizartearen gaitzetako bati aurre egiteko", gaineratu du.