Itxi

Politika

Erreakzioak

Alderdiek eta sindikatuek 'beharrezkoa' jo dute ETAren armagabetzea

Agentziak | Erredakzioa

Nazioarteko egiaztatzaileek ETA armagabetuta dagoela baieztatu dute gaur goizean Baionan, eta Frantziako Polizia lanean ari da ETAren armategietan.

  • Frantziako Polizia ETAren armak biltzen. EFE

    Frantziako Polizia ETAren armak biltzen. EFE

Gaur goizean Baionan ETA armagabetu dela baieztatu eta gero, alderdi politikoek eta sindikatuek prozesua baloratu dute, agertoki berri honen aurrean etorkizuna nola ikusten duten azaltzeaz gain:

EAJk esan du orain ETAri desegitea baino ez zaiola geratzen, bake planari ekiteko

Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko presidenteak gaurko "egun ederra" goraipatu du, armagabetzea erabateko bermez burutu delako. Orain "ETAri desegitea baino ez zaiola geratzen" azpimarratu du, "bakerako eta bizikidetzarako" planari ekiteko.

Baionako Euskal Museoan egindako adierazpenean, ordezkari jeltzaleak gogoratu du "bakearen artisauen" ekimenarekin bat egin zuela hasieratik. Horrez gain, Frantziako estatuak "eskatuta bezala jokatu duela" azaldu du.

EH Bilduk nabarmendu du presoez, dispertsioaz, biktimez edota "desmilitarizazioaz" hitz egiteko garaia dela

Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak esan du gaurkoa "egun historikoa" dela, ETAk "erakunde armatua" izateari utzi diolako. Halaber, hemendik aurera, beste arazo bat irekiko dela nabarmendu du, eta "adostasunaren alde lan egin" beharko dela, besteak beste, presoez, dispertsioaz, biktimez edota "desmilitarizazioaz" hitz egiteko, "mahaigain politikoan" egon behar dutelako.

"Euskal gizartearen zati handi batek berri ontzat joko du gaur gertatutakoa", adierazi du Otegik. Halaber, "inolako esku-hartzerik gabe  eta prozesua oztopatu ahalko luketen gertaerarik gabe" izan dela nabarmendu du.

Ahal Dugu: "Ez da nahi genuen armagabetzea, baina duguna da"

Andeka Larrea Ahal Duguren zuzendaritzako kideak ETAren armagabetzea "berandu" iritsi dela azaldu du, eta ez dela alderdi moreak "nahi duena", baina "dagoena" dela nabarmendu du.

Ahal Duguk ordezkaritza ofiziala bidali du Baionan ETAren armagabetzearen harira egiten ari diren ekitaldietara. Larreak agerraldia egin du Lapurdiko hiriburuko Euskal Museoan. "Biktimak gogoratzeaz gain, onarpenerako, justiziarako eta erreparaziorako dituzten eskubideak aldarrikatzeko eguna da", aipatu du.

PSEk dio armagabetzeak ez duela "ordainik merezi"

Eneko Andueza PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen alboko bozeramaileak Bilbon emandako prentsaurrekoan ohartarazi duenez, 2011n ekintza armatuak uzteko egindako iragarpenak eta gaur egindako armagabetzeak ez dute "inolako ordainik merezi". Horrez gain, "ez du arintzen izua zabaldu zutenen ardura, ezta estrategia hura babestu zutenena ere".

Era berean, Anduezaren aburuz, "armagabetzea ona da ETA behin betiko desagertzeko aurreko pausu gisa, eta euskal gizartearen aniztasunean oinarritutako bizikidetza finkoa eraikitzeko balio behar du".

Semperrek "parafernaliatzat" jo ditu Baionako ekitaldiak

PPk adierazpen ofizialik egin ez duen arren, Borja Semper Eusko Legebiltzarreko bozeramaile popularrak Twitterren hitz egin du gaurko armagabetzearen inguruan: “Parafernalia egin eta egoera makillatzen saiatu diren arren, ETA garaituta doa, nahigabea soilik utzita. Horixe utzi du”.

Ciudadanosi "antzezpen irrigarria" iruditu zaio ETAren armagabetzea

Miguel Gutierrezek, Ciudadanos alderdiak Kongresuan duen idazkariak, ETAren armagabetzea "antzezlan irrigarria" izan dela esan du. "Bere burua zuritu nahi duen talde terrorista baten iruzurra" dela gaineratu du.

Eskubide demokratiko guztiak garatzea ahalbidetuko duen "ziklo berri" baten alde egin du ELAk

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak uste du beharrezkoa izango dela "eskubide demokratiko" guztiak garatzea ahalbidetuko duen "ziklo berri bat" abiatzea.

Muñozek prentsaurrekoa eskaini du Baionako Euskal Museoan. Gizartea, "bakearen artisauak", Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eta Jean-René Etchegaray Iparraldeko Elkargoko presidentea zoriondu ditu, egindako lanagatik.

LAB armagabetzearen "egun historikoa" txalotu du eta orain "presoen gaia konpontzeko ordua" dela esan du

Baionan bizitako ETAren armagabetzearen "egun historikoa" txalotu du LAB sindikatuak. Orain "gatazkaren ondorioak eta presoen gaia konpontzeko" ordua dela aldarrikatu du.

LABeko ordezkari ugari izan dira Baionan ETAren armagabetzea dela eta, baita Garbiñe Aranburu idazkari nagusia ere. Haren esanetan, "gaurko eguna mugarri garrantzitsua izan da".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena