Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aresek PPri: 'Gobernuak gidatzen du terrorismoaren aurkako politika'

Gainera, uste du "arduragabekeria" dela Idoia Lopez de Riaño presoaren bezalako lekualdatzea "manipulatzea".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan duenez, "arduragabekeria da" Idoia Lopez de Riaño presoaren bezalako lekualdatzea (Iruñea Okako kartzelara) "manipulatzea" eta, PP alderdiari ohartarazi dionez, terrorismoaren aurkako politika "euskal eta Espainiako Gobernuak zehazten eta gidatzen du".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Aresek argi utzi nahi izan du "hurbiltze eta urruntze" politika "terrorismoaren kontrako politikaren parte" dela eta, bere ustez, "horrelako erabaki bat manipulatzea arduragabekeria da", bereziki PPk egiten badu, badakielako terrorismoaren kontrako politikaren helburuetako bat banda terrorista ahultzea dela, ETArekin ahalik eta azkarren bukatzeko".

Herrizaingo sailburuak Lopez de Riaño kasuaren inguruan azpimarratu duenez, "presoa izaten jarraitzen du, kartzelan dago, ez dauka inolako onurarik espetxean eta, edozein kasutan, lekualdatze hori terrorismoaren kontrako politikaren parte da".

Hori dela eta, Aresek uste du "kontu honen inguruan polemika sortzea eta oso ondo ulertzen ditudan sentimenduak astintzea arduragabekeria" direla, "bereziki informatuta dagenean (PP) eta jakinda erabaki hauek terrorismoaren kontrako politikaren parte direla eta, gainera, emaitza onak ematen ari denean".

Sailburuaren ustez, "biktimen gehiengoak ulertuko du presoen lekualdatzeak egiten jarraituko ditugula, izan ere, kolektiboa ahuldu ez ezik, ETAren ahultzea ere areagotzen ari da, ahalik eta azkarren terrorismoarekin bukatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea