Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Desegiteko erabakia hartzen utzi behar zaio ETAri, Otegiren ustez
EH Bilduren bozeramaileak esan duenez, armagabetzearen aurrean duen jarrera eztabaidatzen ari da EPPK, eta "maiatzean edo ekainean" emango du "bakearen aldeko ekarpen" horren berri.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduren bozeramaile eta Sortuko idazkari nagusiaren hitzetan, ETAri dagokio desegiteko erabakia hartzea, eta eztabaida hori "lasaitasunez" egiten utzi behar zaio.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, armagabetzeaz eta ondoren eman beharreko urratsez galdetu diote Otegiri. Espainiako Gobernuak Baionako ekitaldiaz esandakoa kritikatu du ezker abertzaleko buruzagiak, eta ukatu egin du "porrotaren irudia" izan zela. Otegiren hitzetan, "hori da batzuek inposatu nahi duten kontakizuna, amorrarazita daude eta".
ETA armagabetu ondoren, beste gauza batzuez hitz egiteko beharra dagoela aldarrikatu du Otegik: "Orain tokatzen dena da euskal preso politikoei buruz hitz egitea, dispertsioari buruz, preso gaixoei, desmilitarizazioari buruz... Izan ere, herri honetan, 20 polizia dago biztanleko, Europan dagoen ratiorik altuena da, eta beraz, momentua da hitz egiteko Guardia Zibilaz, Polizia Nazionalaz eta Estatuko indar armatuez... badelako garaia atzera-egiteko".
EH Bilduren eledunaren aburuz, "presoak etxera itzuli behar dira, gatazkak konpontzeko nazioarteko estandarrek horrela zehazten dutelako". Euskal presoei ezartzen zaizkien "salbuespeneko politikak ere desagertu" behar direla azpimarratu du Otegik.
Eztabaida EPPKren baitan
Azaldu duenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) armagabetzearen ondotik sortutako egoera berriaren aurrean izango duen jarrera eztabaidatzen ari da orain. Sakabanaketak eraginda, eztabaida hori egiteko "zailtasunak" dituzte presoek, baina hori gorabehera, "maiatzean edo ekainean" eztabaida horren emaitza zein den jakinaraziko dutela iragarri du Otegik.
"Presoek euren jarrera zehaztu behar dute egoera berri honetan. Bakearen eta independentziaren aldeko ekarpen hori laster egingo dute", argitu du.
ETAren desegiteaz galdetu diotenean, erabaki hori erakundeari dagokiola azpimarratu du Otegik, eta berak halakorik eskatuko ez diola erantsi du. "Ziur naiz ETAk eztabaida horri helduko diola, erantzukizunez", esan du.
Haren esanetan, "eztabaida hori lasaitasunez egiten utzi behar zaio ETAri, eta erabakia hartzen duenean, publiko egin dezala; ziur naiz erabaki ona hartuko duena".