Politika -

2017ko aurrekontuak

EAEko Aurrekontuak onartu ditu Legebiltzarrak, PPren abstentzioarekin

EAEko Aurrekontuen inguruko akordioa eta Espainiako Aurrekontuen harira EAJk eta Espainiako Gobernuak etorkizunean adostu dezaketen ituna lotu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Miren Josune Gorospe (EAJ), Jose Antonio Pastor (PSE) eta Anton Damborenea (PP) Legebiltzarrean. EFE
gorospe damborenea
Aurrekontuak aurrera atera dira PPren abstentzioarekin

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren 2017rako aurrekontuak onartu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean, EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak Alderdi Popularrarekin lortutako akordioari esker. Aurreikusi bezala, PPko legebiltzarkideak abstenitu egin dira eta EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek, berriz, kontra bozkatu dute.

Bozketan, EAJko eta PSE-EEko 37 legebiltzarkideek aurrekontu proiektuaren aldeko botoa eman dute (37 boto), EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko 29 ordezkariek kontra bozkatu dute eta PPko legebiltzarkideak, berriz, abstenitu egin dira. 2017ko EAEko Aurrekontua 11.059 milioi eurokoa izango da, iaz baino % 1,2 gehiago.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek EAEko Aurrekontuen inguruko akordioa eta Espainiako Aurrekontuen harira EAJk eta Espainiako Gobernuak etorkizunean adostu dezaketen ituna lotu dituzte. EAJk ez du balizko aukeren inguruan ezer esan. Euskadiko PPk, ostera, adierazi du "sailburuarekin sinatutako akordioa" dela eta bost bilera eta hainbat telefono dei egin eta zenbait mezu elektroniko bidali ostean gauzatu zela.

Eusko Legebiltzarreko saioa 09:30ean hasi da eta eztabaidan orain arte erakutsitako jarrerari eutsi diote alderdi politiko guztiek.

Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2017ko Aurrekontuak eta koalizio gobernuak (EAJ eta PSE-EE) PPrekin lortutako akordioa defendatu ditu Eusko Legebiltzarrean aurrekontu proiektuaren harira egindako eztabaidan.

Legebiltzarkide jeltzalearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak alderdi politiko guztiekin negoziatzeko "borondatea" izan zuen hasiera-hasieratik, "inor kanpoan ez uzteko". Ildo horretan, negoziatzeko borondaterik ez izatea aurpegiratu die Elkarrekin Podemosi eta EH Bilduri. Koalizioari moreari dagokionez, negoziazioan "errealismo" falta izatea leporatu dio eta koalizio abertzaleari, ostera, autonomia falta izatea eta ELAk erakutsitako tesiekiko "menpekotasuna" izatea.

Jaurlaritzak 11.059,7 miloi euro izango ditu aurten

 

Jaurlaritzak 11.059,7 milioi euro izango ditu aurten
Jaurlaritzak 11.059,7 milioi euro izango ditu aurten
Jaurlaritzak 11.059,7 milioi euro izango ditu aurten

1:22

 

EH Bilduko Leire Pinedo legebiltzarkideak 2017ko Aurrekontuak arbuiatu ditu eta PPrekin adostu izana aurpegiratu dio EAJ-PSE koalizio gobernuari. Pinedoren esanetan, murrizketak eta mugarik gabeko doitasun neurriak egin eta eskubide sozialak ukatzen dituzten alderdien artean lehena da PP. Halaber, aldaketarik gabeko Aurrekontuak direla eta "galdutako urtea" izango dela salatu du. Bestalde, EAEko eta Espainiako Aurrekontuak lotu ditu.

Pinedoren esanetan, koalizioak 294 zuzenketa partzial aurkeztu ditu (607 miloi euro), baina koalizio gobernuak "PP aukeratu du". Gaineratu duenez, akordio merkea izan da; izan ere, 29 milioi euroko zuzenketa partzialen truke "aldaketarik gabeko Aurrekontuak aurrera aterako ditu". Halaber, gizartearen beharrei bizkar ematea leporatu dio koalizio gobernuari.

Julen Boian Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Aurrekontuak Gasteizeko Ganbarako "alderdirik antisozialenarekin" adostea aurpegiratu die EAJri eta PSE-EEri. Gainera, krisi ekonomiak gehien eragindako herritarren beharrei ez erantzutea leporatu die.

Koalizio abertzaleak egin bezala, Elkarrekin Podemosek ere EAEko Aurrekontuak eta Espainiako Aurrekontu Orokorren negoziazioa lortu ditu. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta PPren arteko akordioa ez dela Euskadin amaitzen eta "kromo aldaketa" egongo dela adierazi du.

Alexia Castelo PSE-EEko legebiltzarkideak Aurrekontuak defendatu ditu eta "elkartasuna eta gizarte kohesioa" ezaugarritzat dituela adierazi du. Ordezkari sozialistak zehaztu duenez, koalizio gobernuak gizartearekin eta haren lehentasunekin duen "konpromisoa eta elkartasuna" erakusten du. Are gehiago, EAJk eta PSE-EEk errekuperazio ekonomikoari, enplegu sorrerari eta gizarte politikoen harira adostutakoa ahalbidetuko ei du 2017ko Aurrekontuak.

Bestalde, koherentziarik gabeko jarrera eta alderdien interesen araberako erabakiak hartzea leporatu die Elkarrekin Podemosi eta EH Bilduri.

Azkenik, Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak popularren abstentzioa defenditu du. Haren esanetan, PPk 29 milioi euroko balioa duten zuzenketak egin ditu (2017ko Aurrekontuen % 0,26) eta "nabarmen" hobetuko ditu Aurrekontuak.

Damborenearen esanetan, Aurrekontuen harira lortutako akordioarekin irekitako bidea "zuzena" da eta legegintzaldian zehar horri eustea espero du.

EAEko 2017rako Aurrekontuak 11.059 milioikoak izango dira

2017rako Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) aurrekontuak 11.059,7 milioi eurokoak izango dira, hau da, iaz baino % 1,2 gehiago izango du Eusko Jaurlaritzak. Gizarte politikak sustatzea izango da helburu nagusia, gastuaren % 76 bideratu baitute osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak indartzera.

Jeltzaleek 37 ordezkari dituzte Eusko Legebiltzarrean, eta aurtengo aurrekontuak onartzeko ezinbestekoa izan da akordioa bilatzea. Hala, PPk 29 milioi euroko balioa duten zuzenketa partzialak aurkeztu ditu (hau da, aurrekontuen % 26), eta EAJren eta PSE-EEren babesarekin onartu dira.

Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, Alderdi Popularrarekin lortutako akordioa "positiboa" da, lehen aldiz 11.000 milioi eurotik gorako aurrekontuak onartuko baitira horri esker. Ildo horretatik, helburu nagusia osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak indartzea dela azpimarratu zuen ostiralean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV PSOE Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa Euskadiko PP bideoak Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Aurrekontuen azken ordukoa