Politika -
ETA-REN ARMAGABETZEA
Nazioarteko egiaztatzaileak Euskal Herrira itzuliko dira datozen asteetan
Oraindik datarik zehaztu ez badute ere, hurrengo asteotan etorriko da Ram Manikkalingam buru duen taldea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAren armagabetzearen ondotik, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak Euskal Herrira itzuliko dira datozen asteotan fase horri amaiera emateko, Nazioarteko egiaztatzaileen inguruko iturriek baieztatu dutenez. Oraindik datarik zehaztu ez badute ere, segur aski hurrengo asteotan etorriko da Ram Manikkalingam buru duen taldea.
Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordea 2011ko irailaren 28an osatu zen, "jarduera armatuaren amaiera ordenatua" lortzeko eta ETAren armagabetzea egiaztatzeko asmoz.
Sei urteko ibilbide horretan nazioarteko egiaztatzaileak alderdi politikoekin, gizarte eragileekin, eta erakundeekin —Eusko Jaurlaritza tartean— elkartu dira.
Egindako lanari buruzko xehetasunak azaltzeaz gain, bitartekaritza lanari amaiera emango dio. Litekeena da alderdi politikoekin, sindikatuekin, erakundeekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egitea.
Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, Jaurlaritza nazioarteko egiaztatzaileekin bilera egiteko prest dago.