Politika -
Memoria historikoa
Gerra Zibilean erail zituzten 3.500 nafarrak omendu dituzte Iruñean
Bi ekitaldi egin dituzte: bata Iruñeko udaletxean, bertako zinegotzi eta langileen omenez; bestea, Gaztelugibelen, Nafarroan fusilatutakoak gogoratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeak omenaldi bikoitza eskaini die gaur, II. Errepublikaren urtemugan, Nafarroan Gerra Zibilean eta frankismoaren garaian hil zituzten biktimei. Omenaldietako lehena hiriko udaletxean izan da, bertako zinegotzi eta langile izandakoen oroimenez.
Bertan izan dira alkatea eta udalbatza osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak. Ekitaldian zehar lore-eskaintza bat egin da, eta Gerra Zibilean eraildako zinegotzien izanak jasotzen dituen plaka bat berrinauguratu dute. Horrez gain, plaka horretan ez badira agertzen ere, Udaleko langileak izandakoak ere aintzat hartzen ditu, euren izenak agertzen ez diren arren.
Joseba Asiron alkateak adierazi duenez, "oso data esanguratsua" ekartzen da gaur gogora, eta kolpe militar edo diktadurarengatik "era batera edo bestera" errepresaliatuak izan ziren pertsona guztiei luzatu nahi izan die gaur egindako omenaldia; izan ere, "ordain morala" zor zaie, gaineratu du.
Horren harira, inauguratu duten plaka "Udal honek kolpe hura jasan zuten pertsona guztiei egiten dien aitortza" izan behar duela adierazi du. Bere esanetan, "hiriagatik eta Udalagatik egin zuten lan guztia" gogoratzeko balio behar du.
Memoria historikoarekiko Udalak duen "konpromiso argi eta sendoa" nabarmendu du Asironek, eta horren inguruan dagoeneko eman ditu "zenbait urrats esanguratsu" aipatu ditu.
Azpimarratu duenez, Iruñea izan da frankismoko krimenen aurkako kereila aurkeztu duen Espainiako Estatuko lehendabiziko hiria. Asironen aburuz, "urrats garrantzitsuak eman dira, eta bide horretatik jarraituko dugu". Bukatzeko, memoria historikoaren inguruan lan egiten duten elkarteen lana goraipatu du, "kalitatezko demokrazia erdiesteko bide bakarra baita".
3.500 eraildako
Udaletxeko ekitaldiaren ostean, omenaldiak Gaztelugibelera lekualdatu dira. Bertan, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gorazarre egin die Gerra Zibilean Nafarroan erail zituzten ia 3.500 pertsonei.
Fusilatutako pertsonak gogoratzen dituen monolitoaren aurrean, adierazpenak egin ditu aipatu elkarteko buru den Jokin de Carlosek. Bere esanetan, "duela 86 urte esperantzarako leiho berri bat ireki zitzaien herri honetako langile eta nekazariei, askatasunengatik borroka egiteko", Bigarren Errepublikaren sorrera datari erreferentzia eginez.
Horrez gain, De Carlosek adierazi du Gaztelugibelerako ekitaldiarekin "eraildako senitartekoak" omentzen direla. Gaineratu duenez, bere elkarteak "gureen memoriaren alde borroka egiten jarraitzen du", baita "hilobietan gorpuzkiak aurkitzeko ere".