Politika -
Ekimena
Podemosek 'tramabusa' ipini du martxan Madrilen
Rodrigo Rato ministro ohia, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia edo Luis Barcenas PPko diruzain ohia dira, besteak beste, autobusean marraztuta agertzen diren aurpegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Podemosek 'la trama' (azpijokoa) deitzen dion taldeko pertsonen aurpegiak erakusten dituen autobusa ipini du martxan gaur Madrilen. Alderdi moreak izen hori erabiltzen du zenbait buruzagi politiko eta ekonomikoren arteko lotura sare bati buruz hitz egiteko.
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak "tramabus" autobusaren aurkezpenean hartu du parte, Madril iparraldeko parke batean. Botere politikoarentzat eta ekonomikoarentzat esanguratsuak diren tokietatik pasako dela iragarri dute Podemoseko ordezkariek; PPren egoitza Genova kalean eta Castellana pasealekuko lau dorreak (banketxe eta enpresa garrantzitsuen egoitzak), besteak beste.
Rodrigo Rato ministro ohia, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia edo Luis Barcenas PPko diruzain ohia dira, besteak beste, autobusean marraztuta agertzen diren aurpegiak. Ibilgailu horren bidez, "Espainiako boterea" osatzen duen "azpijoko politiko eta ekonomikoko" kideak diren pertsonen aurpegiak erakutsi nahi dituzte.
Aipatutakoez gain, beste enpresari ekonomiko eta mediatiko batzuk ere aipatu dituzte. Ibilgailua beste hiri batzuetara ere eramango dutela iragarri dute.
"Urtetan ustelkeriak kalera irtenarazi gaitu. Orain guk irtenaraziko dugu ustelkeria", adierazi du Podemosek.