Politika -
Barne eztabaida
EH Bilduk 'naturaltasunez' jorratuko ditu barne desadostasunak
Gainera, koalizioak adierazi du eztabaida horiek, tartean EAko kritikoena, "modu naturalean, osasuntsuan eta dramatismorik gabe" egingo dituztela.
agentziak | erredakzioa
Jasone Agirre EH Bilduren legebiltzarkideak uste du koalizioa osatzen duten alderdien arteko desadostasunak, tartean Eusko Alkartasuneko militante batzuena, "modu naturalean, osasuntsuan eta dramatismorik gabe" jorratuko dituztela.
Koalizioaren etorkizunaz erabakitzeko barne prozesuaren inguruan eztabaidatzeko egindako asanbladan egin ditu adierazpenok Jaso Agirrek, Donostian, kazetariek egindako galderei erantzunez. EAko militante batzuk salatu dute prozesuak ezker abertzalea soilik indartuko duela, eta horren inguruan galdetu diote eledun abertzaleari.
Agirrek esan du gaur "aro berri" hasi dela EH Bildurentzat, "eztabaida eta gogoeta prozesua"rekin batera. "Hori modu natural batean hartzen dugu, dramatizatu gabe, eta egia da EH Bilduko batzuen kezka ere badela, horregatik, entzun, eztabaidatu eta kontuan izango dugu", gaineratu du.
Horren harira, Agirrek gaur azaldu du ekainaren 17an egingo duela EH Bilduk kongresua, Bilbon, eta bertan amaituko dela eztabaida prozesua. Dena dela, prozesuak "beste lau urte" iraungo omen du.
Hori horrela, prozesua "erabat demokratikoa, gardena eta partehartzailea" izango dela azpimarratu du, "politika egiteko modu berri bat", eta "ahots guztiak" entzungo dituztela. "Ateak guztientzat egongo dira irekita, politika beste modu batean egin daitekeela pentsatzen duten guztientzat, herri justuagoa eta aurreratuagoa lor dezakegula uste duten guztientzat", adierazi du.
"Herritarrekin egon nahi badugu, horien arazoak artatu, horien arazoak konpondu, ateak ireki behar dizkiegu parte hartu eta ekarpenak egin nahi dituzten guztiei", berretsi du.