Politika -
Txostena
AEBek Patxi Lopezen ETAren kontrako politika goraipatu dute
Bestalde, Gobernu estatubatuarrak uste du Eusko Jaurlaritza sozialistak "ETAri aurre egiteko terrorismoaren kontrako politika sendoagoa ezarri" duela.
Erredakzioa
AEBetako Estatu Departamenduak 2009koterrorismoaren inguruko Txostena argitaratu du bart eta bi ondorio nagusitzen dira: Espainia Al Kaidaren base eta jomuga dela eta Eusko Jaurlaritzak "ETAri aurre egiteko terrorismoaren kontrako politika sendoagoa ezarri" duela.
AEBetako Gobernuaren arabera, Espainia talde terroristen "base garrantzitsua" izan zen 2009an eta "lan gogorra egin zuen AEBen interesen kontrako ekintza terroristak izan zitezkeenak galarazteko".
Txostenean azpimarratu dute Magreb Islamiarreko Al Kaidak (AQIM ingelesezko sigletan) propaganda taldeari "Al Andalus" izena jartzea erabaki izana, "Espainiako Gobernuaren kezka areagotu zelako".
Era berean, kokapen geografikoagatik eta Afrika iparraldeko eta Asia hegoaldeko immigrante kopuru handiagatik, Espainia "nazioarteko talde terroristentzat bidegurutze estrategiko" bilakatu dela azaldu dute.
"Espainiak Europa Mendebaldeko talde terroristen zirkulazio, finantzazio eta logistika base garrantzitsu izaten jarraitu zuen. Espainia gogor oldartu zen terroristak errekrutatzen eta laguntza ematen zietenen kontra", gaineratu du Estatu Departamenduak.
ETA
ETAk iaz 50 urte bete zituela eta "urteurrena markatzeko atentatu hilgarriak" egin zituela gogorarazi dute txostenean.
Baina 2009an "euskal Gobernuan izandako aldaketa" ere aipatu dute: "Alderdi Sozialistak, Patxi Lopezen buruzagitzapean, Espainiara demokrazia iritsi zenetik izan den lehenengo Jaurlaritza ez abertzalea lortu zuen". "Lopezen administrazioak terrorismoaren kontrako politika sendoagoa ezarri zuen ETAri aurre egiteko", Estatu Departamenduaren esanetan.
Espainiak eta Frantziak terrorismoaren kontra duten lankidetza ere goraipatu dute txostenean, horrekin "ETAri presio handia" egitea lortzen dutelakoan.