Politika -

Akordioa

EAJk 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko ditu

Akordioaren baitan, Estatuak 3.380 milioi euro bideratuko ditu AHT eraikitzeko.

Aitor Esteban EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
EAJk Mariano Rajoyren Aurrekontuak babestuko ditu

1:03

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko ditu, jeltzaleek eta Espainiako Gobernuak Aurrekontuei buruzko akordioa lortu ostean. Jeltzaleen esanetan, "akordio ona da" eta euskal agenda kontuan hartzen du; izan ere, akordioak Abiadura Handiko Trenari (AHT), industriako tarifa elektrikoari eta Ertzaintzari buruzko hainbat kontu jasotzen ditu.

Aitor Esteban EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, akordioak ez du espetxe politika jasotzen.

Estebanek akordioaren garrantzia azpimarratu du eta Espainiari egonkortasuna emateko beharrezkoa zela gaineratu du. Ildo horretan, akordioa 2017ko Aurrekontuei buruzkoa dela zehaztu du.

Akordioaren baitan hainbat gai adostu dituzte: industriako energiaren gaia, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kronograma, ibilgailu elektrikoak eta kargarako guneak eta Ertzaintzarekin koordinazioa hobetzea. Halaber, bi administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko akordioa lortu dute.

Diputatu jeltzalearen esanetan, "inori kalterik egiten ez dion eta guztiontzat ona izan daitekeen akordioa da".

Akordioaren zenbatekoari buruzko daturik eman ez badu ere, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruan adostutakoa azpimarratu du, hiriburuetako sarbidea barne hartzen duena. "Behingoz programa osoa daukagu", zehaztu du. Gaineratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat azpiegitura "garrantzitsua" da eta Espainiarentzat eta Portugalentzat, ostera, "beharrezkoa".

3.380 milioi euro AHTrentzat

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak azaldu duenez, akordioak 36 puntu ditu.

Besteak beste, 3.380 milioi euro adostu dituzte Abiadura Handiko Trena egiteko. Gainera, plataforma logistikoak sustatuko dituzte Lezon (100 milioi euro), eta geltoki intermodala Jundizen (120 milioi euro).

Akordioaren baitan, Ertzaintza Europako Segurtasun Indarrekin konektatuta egotea ere itundu dute, norbait jarraitzen ari badira mugak zeharkatu ahal izateko. Era berean, Polizia autonomikoan lan eskaintza publikoak “arazo barik” deitu ahal izatea ere hitzartu dute.

Bestalde, Ortuzarrek zehaztu du euskal enpresek urtean 50 milioi euro aurreztuko dituztela, tarifa elektrikoa bateratuko baitute.

"Ona da Euskadirentzat"

Andoni Ortuzarrek “konplexurik gabe” defendatu du akordioa, eta hori Euskadirentzat eta interes orokokorrarentzat “ona” dela adierazi du.

Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, buruzagi jeltzaleak nabarmendu du ez dela “inoiz” lortu konpromiso “zehatzagorik”, inbertsioei eta epeei dagokienez.

Horren esanetan, “EAJk ez du inoiz arazorik izan akordioak lortzeko, eta oraingoan ere ez du izan”. Era berean, berretsi du akordioa “mugarria” dela, eta euskal erakundeen eta Estatuaren arteko “gatazka” bat konpondu duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak