Politika -

Katalunia

Ebazpenean eztabaidatutakoa baino ez zutela bildu defendatu du Forcadellek

Kataluniaren autodeterminaziorako gaitasuna berretsi zuen 2016ko urriaren 6an onartutako ebazpenak.

Carme Forcadell, deklaratzera joan aurretik. EFE
Carme Forcadell, deklaratzera joan aurretik. EFE
Forcadell epailearen aurrean, desobedientzia delitua egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak epaitegira eraman duen ebazpena defendatu du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Gaur goizean bertan adierazi duenez, Kataluniako Ganberan aztertutakoa eta eztabaidatutakoa baino ez zuten bildu dokumentu hartan.

20 minutuz deklaratu du, eta haren abokatuaren galderei soilik erantzun die. Horrez gain, parlamentari gisa duen bortxaezintasuna babestea eskatu die Maria Eugenia Alegret epaitegiko presidenteari eta Francisco Bañeres fiskalari.

2016ko urriaren 6an onartutako ebazpen bat dela eta ari dira ikertzen Forcadell. Dokumentuan, Kataluniak autodeterminaziorako duen gaitasuna azpimarratzeaz gain, "biko erantzuna duen galdera garbia" egiteko erreferenduma egitea eskatu zioten Kataluniako Gobernuari. Halaber, galdeketa egiteko epea zehaztu eta autodeterminazio prozesuari jarraipena egiteko batzordea sortu zuten.

Babesa erakutsi diote

Kataluniako Gobernuko kideek, Carles Puigdemont buru zutela, burujabetzaren aldeko hainbat alderditako kidek eta A9ko galdeketagatik inhabilitatutako karguek (Artur Mas, kasu) Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea babestu dute, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu aurretik.

Forcadell 09:00etan zegoen deklaratzera deituta, eta, ondoren, Anna Simo Mahaiko lehen idazkariak gauza bera egin beharko du. Horiez gain, Lluis Corominasek, Ramona Barrufetek eta Joan Josep Nuetek deklaratuko dute, prebarikatu izana eta Auzitegi Konstituzionalari desobeditu izana egotzita.

08:15 aldera, hainbat pertsona bildu dira Parlamentuko Audientzia aretoan, Forcadelli eta Simori elkartasuna erakusteko.

Besteak beste, Puigdemont, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordea eta zenbait kontseilari izan dira: Neus Munte, Raul Romeva, Carles Mundo, Dolors Bassa, Jordi Baiger, Santi Vila, Meritxell Borras eta Jordi Jane.

Halaber, Artur Mas Generalitateko presidente ohiaz gain, 2014ko azaroaren 9ko kontsultagatik inhabilitatuta dauden Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak izan dira bertan.

Kataluniako Parlamentuko eraikinetik atera da talde osoa, eta oinez egin dute Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira joateko bidea, Bartzelonako Ciutadella Parkean barrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Gaurko azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean