Politika -
Begoñan meza entzun ondoren
Azkuna: 'Ezker abertzaleak behin betiko pausoa eman behar du'
Bilboko alkatea Begoñako Andre Mariari egindako ohiko mezan izan da. Bertan, Mario Iceta Bilboko gotzain laguntzaileak terrorismoaren "deslegitimazioaren" aldeko deia egin du.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna (EAJ), Bilboko alkatea, ezker abertzaleak "behin betiko pausua eman baino beste erremediorik" ez duela adierazi du. Azkunaren hitzetan "indarkeria alde batera utzi, bakearen aldeko apustua egin eta, besteok bezala, politika egitea" erabaki beharko lukete.
Azkunak, Begoñako basilikan egindako mezaren ostean egin ditu adierazpen honek. Gaur, Andre Mariaren eguna izanda, milaka erromes Begoñara hurbildu dira Bizkaiko leku ezberdinetatik.
Azkuna alkateak azaldu duenez, gaur egun bakea "duela hamar urte baino gertuago" ikusten du. "Azken 20 urtetan ezkorra izan naiz baina orain gauzak beste era batera ikusten ditut, ezker abertzaleak pauso hori ematea baino beste erremediorik ez duelako".
EAJko kideak Begoñako Andre Mariari "bakea, osasuna eta lana" eskatu dizkiola gaineratu du.
Icetak "herri honentzat bakerako dohaina" eskatu du
Homilian, Mario Iceta Bilboko gotzain laguntzaileak, "herriari bakearako dohaia eman diezaiola" eskatu dio Andre Mariari.
Icetaren esanetan bakea "terrorismoari eta gainontzeko indarkeriari uko eginez eta legitimazioa kenduz" lortuko da, "justizia eta barkamenerako eta adiskidetzeko borondatearekin batera".
Horretaz gain, gizartea "ideia eta pentsamendu aniztasunean" oinarritu behar dela azpimarratu du.