Politika -

Memoria historikoa

Ezkabako presoak omendu dituzte, ihesaren 79. urtemugan

1938an Ezkaba mendian dagoen San Cristobal gotorlekutik ia 800 preso errepublikazalek ihes egin zuten, baina frankistek horietako asko harrapatu eta hil egin zituzten.

Duela 79 urte Ezkabako ihesaldian hildakoak gogoan izan dituzte

1:12

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bihar 79 urte beteko dira Estatuan espetxe batetik inoiz egin den ihesaldirik handiena izan zela. Gerra Zibil garaian, 1938 urtean Ezkaba mendian dagoen San Cristobal gotorlekutik ia 800 preso errepublikazalek (795) ihes egin zuten (Estatuko kartzeletan inoiz egindako ihesaldi handienetakoa izan zen).

Alabaina, frankistek horietako 206 mendian harrapatu eta bertan hil zituzten, eta beste 14, antolatzailetzat hartuta, Iruñara eraman eta hantxe fusilatu zituzten handik gutxira. Azken aldian, Nafarroako Gobernuak gorpuak hobietatik ateratzeko abiatutako programaren baitan, Aranzadi Zientzia Elkartea apurka-apurka sakabanatuta dauden gorpuzkiak aurkitu eta hobitik ateratzen ari da identifikazio lanetarako.

Horrenbestez, urtero legez, gertakarien beste urteurren bat betetzeko bezperan omendu egin dituzte San Cristobalgo espetxe zenaren atarian bertan, Nafarroako Gobernuak eta Txinparta Elkarteak antolatutako ekitaldian.

Botilak, ikur

Botilak bihurtu dira aurtengo ekitaldiko ikur; izan ere, espetxean hildako ehun lagunetik gora, alboko hilerrian lurperatu zituzten hankatik botila bat zintzilik zutela, eta barruan bakoitzaren izen-abizenak zeuden.

Hartara, gaur egindako lore eskaintzan, Nafarroatik eta Estatuko beste hainbat tokitatik bertaratu diren gonbidatuek botila bana eraman dute, baina oraingoan eurek idatzitako mezu edo olerkiren bat gorde dute bertan. Omenaldiaren erdigunean kokatu dituzte, eta amaieran bakoitzak botila bat hartu du, baina berea ez zen bat.

Oroimenezko argitalpenak

Aurten urteurrenarekin batera, bi liburu eta poema liburu bat aurkeztu dituzte. La represión y las luchas por la memoria en Argentina y España da horietako bat, preso horietako baten Argentinako senide batek, Julieta Olasok, idatzi duena. Bigarrena (Zutik ozta-ozta nator) Benan Oregik idatzi du bere aitonak espetxetik idatzi zituen gutunen inguruan. Hirugarren lana Será grana la lluvia izenekoa da Koldo Pla Txinparta elkarteko kidea denak idatzitakoa, memoriaren inguruan bildu dituen poema guztiekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa gaur Nafarroako Gobernua Frankismoa albisteak