Itxi

Politika

EAren Kongresua

Ramirezen hautagaitza aurkeztu dute EAko kritikoek, Garaikoetxeak babestuta

Agentziak | Erredakzioa

Bestalde, EH Bildu osatzen duten alderdiekin batzarra egiteko proposatu dio Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta alor ofizialeko buruak Carlos Garaikoetxeari.

  • Carlos Garaikoetxea. EFE

    Carlos Garaikoetxea. EFE

Eusko Alkartasuna alderdiko egungo zuzendaritzarekiko jarrera kritikoa erakutsi duen sektoreari babesa adierazi dio gaur Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak, alderdia EH Bilduren baitan geratu ez dadin.

EAk Sortu, Aralar eta Alternatibarekin elkarbanatzen duen koalizioaren etorkizunari buruz Pello Urizar egungo idazkari nagusiak duen ikuspegiarekin bat ez datorren sektoreak kongresura eramango duen hautagaitza aurkeztu du gaur Gasteizen.

Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentaria izango da idazkaritza nagusirako aurkeztuko duten hautagaia. Horrez gain, EAko kide historiko batzuk ere bat egin dute kritikoekin: Rafael Larreina diputatu ohia, besteak beste. Era berean, alderdiko lau presidente ohik ere bat egin dute proposamenarekin: Carlos Garaikoetxea, Manuel Ibarondo, Unai Ziarreta eta Koldo Amezketa.

"Koalizioa bai, baina ez alderdi bakarra", defendatu du lehendakari ohiak Gasteizen, alderdi gisa egitura eraikitzeko EH Bilduk abiatutako prozesuari erreferentzia eginez.

EAk 30 urte baino gehiagotan ordezkatu duen ondare ideologiko, kultural eta historikoa ezin dela "bidegabeki erabili" berretsi du Garaikoetxeak. Bere iritziz, hori gertatuko litzateke, baldin eta kongresuan EH Bildu "egitura hierarkikoak dituen alderdi bakar bilakatu nahi dutenek irabaziko balute".

Maiorga Ramirezek, bere aldetik, kongresuan bi aukera daudela azaldu du: "batetik, EA alderdi bakarrean desegitea, edo, bestetik, EAk koalizioan jarraitzea nortasuna mantenduz, indartsuago bihurtzeko".

Ramirezen baieztatu duenaren arabera, askoz ere "erosoagoa" izango litzateke EArentzat EH Bilduren baitan geratzea, baina ez da alderdiak gizarteari egin dioezaiokeen ekarpen bakarra.

Barne demokrazia handiagoa eta parte hartzaileagoa eskatu du Eusko Alkartasunarentzat, zuzendaritzaren eta oinarrien arteko "tartea" gutxitzeko.

Urizarren proposamena

Bestalde, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta alor ofizialeko buruak EH Bildu osatzen duten alderdiekin batzarra egiteko proposatu dio Carlos Garaikoetxeari, "zalantzak argitzeko eta errezeloak gainditzeko asmoz".

Urizarrek aitortu duenez, "legitimoa" da alternatiba desberdinak egotea, baina garrantzitsuenari buruz hitz egiteko deia egin dio.

"Berme guztiak izan behar ditu EH Bilduren proiektuak, baina batez ere ilusiotik egindakoa izan behar da", esan du, "gainerako bazkideek ez dute arazorik izango behar diren bermeak mahai gainean jartzeko, guztion artean EH Bildu eraiki ahal izateko".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena