Politika -
Kale indarkeria
PSEk 'pauso' bat antzeman du ezker abertzalearen jarreran
Hala ere, Oscar Rodriguez legebiltzarkide sozialistak uste du ez dela "beharrezko pausoa, ez da gizarteak espero duen pausoa".
Erredakzioa
Oscar Rodriguez PSE-EEren legebiltzarkideak uste du ezker abertzaleak azken egunotako kale erasoei buruz egin duen gogoetan pauso bat atzematen dela, baina ez dela "beharrezko pausoa, ez da gizarteak espero duen pausoa".
Hori horrela, ezker abertzaleak atzo zabaldu zuen agiria izan du hizpide. Ezker abertzaleak zioen kale eraso horiek bere estrategia politikotik "kanpo" geratzen zirela, eta politikaren aldeko apustu argia egiten zuen.
Ordezkari sozialistak esan duenez, "ez da nahikoa atentatuekin zerikusirik ez dutela izan esatea", izan ere, erasoak salatu eta gaitzetsi egin beharko lituzketela iritzi dio. "Ez badute pauso hori ematen, haien sinesgarritasuna azken egunotan erre dituzten kontainerren errautsen azpian geratzen da", gaineratu du.
EAk akordioari eusten diola berretsi du
Eusko Alkartasunak, bere aldetik, berretsi du ezker abertzalearekin lotutako akordioa indarrean dagoela eta, "bide politiko eta baketsuen" bitartez, Euskal Herria "subiranotasunera eta normalkuntzara" eramango duen jokaleku baten aldeko apustua egin dutela.
EAk, prentsa-ohar batean, azken asteotako kale erasoak argitzea exijitu du, eta erabat "gaitzetsi" ditu.