Politika -

NAFARROA

Zinegotzi zela, Barkosek jasotako dietak aztergai, Kontu Epaitegian

Akusazioaren argudioak "goitik eta behera gezurtatzen" dituzten frogak aurkeztu ditu Nafarroako presidentearen abokatuak.

Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. EFE.
Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. EFE.
Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kontuen Auzitegiak Uxue Barkos (Geroa Bai) Nafarroako presidentearen aurka zabaldutako auzia aztertu behar du gaur, Iruñeko Udaleko zinegotzi zela jasotako dietak direla eta. 10:00etan hasi da saioa, eta Claudio Colomer Barkosen abokatuak hitz egin du haren izenean, epaileak ez baitu beharrezkotzat jo auzipetua bertan egotea.

Hain justu, defentsa abokatuak aurkeztutako froga batzuk tarteko, 12:30 arte etenda egon da saioa. Colomerren hitzetan, akusazioaren argudioak "goitik eta behera gezurtatzen" dituzten frogak aurkeztu ditu.

Aurkeztutako dokumentazioa Kongresuko saioen egunerokotik atera dute. Abokatuak uste du, horiek eskuan, diputatu eta zinegotzi karguak bateragarriak izan daitezkeela eta eskatutako dietak egokiak zirela ondoriozta daitekeela.

2007 eta 2012 bitartean, Iruñeko Udalean zinegotzi eta Kongresuan diputatu izan zen Barkos, aldi berean. Urte horietan jasotako dietak daude auzitan. Justitia et Veritas elkartearen salaketaren arabera, Udalaren bileretara joan gabe 208.000 euro poltsikoratu zituen, dieta modura. Elkarte horren esanetan, ezinezkoa zitzaion Barkosi egun berean Kongresuan eta Udalean bilerak egitea.

Defentsako abokatuaren ustez, akusazioaren salaketa "funtsik gabekoa eta gezurra" da. Susmoetan dago oinarrituta, egitateetan baino, nabarmendu duenez.

Frogak azken unean aurkeztu dituztela eta, Colomerrek esan du Kongresuko dokumentazioa oso berandu heldu zaiela, eta ez direla "fede txarrez" aritu.

Akusazioaren salaketa

Salaketan jasotzen denez, kasu askotan Barkosek izenpetutako agiri bat nahikoa zen Udalaren bileretara ordezko bat joateko. Kasu horietan jasotako dirua itzultzeko eskatzen du elkarte horrek.

Geroa Bairen iritzian, Yolanda Barcina eta Enrique Maya UPNko alkate ohiek Udalean ezarritako sistemak ahalbidetu zuen zinegotziek euren taldearekin egindako bilerengatik dietak jasotzea.

Aipatutako aldi horretan Barkosek Kongresuan egindako bileren eta Nafarroan deitutako hitzorduen datak aztertuko dituzte gaurko saioan, aldi berean egindako bilkurarik dagoen argitzeko. Akusazioak uste du egungo presidentearen sinadura faltsutu ere egin zutela haren izenean dietak jaso ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak