Politika -
ETA
Frantziak 8 urteko zigorra jarri dio auzi-ihesean Josu Urrutikoetxeari
2011tik 2013ra, tartean Norvegian egon zen garaian, ETAren alor politikoko kide izatea leporatzen diote.
agentziak | erredakzioa
Frantziak zortzi urteko zigorra jarri dio auzi-ihesean Josu Urrutikoetxea ETAren buruzagi historikoari, 2011tik 2013ra, tartean Norvegian egon zen garaian, ETAren alor politikoko kide izatea leporatuta.
Parisko Auzitegiak Urrutikoetxea atxilotzeko aginduari eusten zion iazko urritik (Espainian bilatzeko eta atxilotzeko agindua du 2002an ihes egin zuenetik) eta Estatutik kanporatzeko agindua ere ezarria dio.
Auzitegiko hiru epaileek errudun jo dute Frantzian eta Norvegian ETAren alor politikoko kide izateagatik.
Frantzian Urrutikoetxea bitan izan da zigortua, azkena, orain bezala, auzi-ihesean, eta zazpi urteko zigorra jarri zioten, 2010ean.
Lehenengo aldiz 1989an zigortu zuten, Baionan atxilotu zutenean, eta zigorra bete ostean Espainiako Estatuaren esku utzi zuten, 1996an. Orduan, Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurka 1987an egindako atentatuagatik atxilotu nahi zuten espainiar agintariek.
Urrutikoetxea Euskal Herritarroken legebiltzarkide izan zen 1998an, eta 2002an ihes egin zuen.