Politika -
Katalunia
Erreferendumaren Aldeko Itunak ez du aldebakartasunaz erabakirik hartu
Ada Colau Bartzelonako alkatearen alderdiak baztertu egin du bide hori. Zuzendaritza desegin eta eztabaidarako gune gisa utzi dute Ituna.
agentziak | erredakzioa
Erreferendumaren Aldeko Ituna hibernazio fasean sartu da, zuzendaritza deseginda eta Gobernuak abian jarriko duen aldebakarreko bidearen inguruan erabakirik hartu gabe. Ada Colau Bartzelonako alkatearen alderdiak dagoeneko baztertu egin du bide hori.
Abenduaren 23an Erreferendumaren Aldeko Ituna eratu zutenean, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak zortzi kideko batzorde exekutiboa jarri zuen, Joan Ignasi Elena buru zuena, Estatuarekin adostutako erreferendumaren aldeko adierazpen bat idazteko eta nazio eta nazioarte mailan atxikimenduak bilatzeko.
Sei hileko lanaren eta 500.000 sinadura jaso ondoren, desegin egin dute batzorde exekutiboa, Elenak gaur egin duten ordu eta erdiko bileran azaldu duenez.
Dena dela, Erreferendumaren Aldeko Itunak bizirik jarraitzea adostu dute, erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek eztabaidatzeko gune gisa jarrai dezan, baina agindu zehatzik ez diote jarri, eta ez du erabakirik hartu datozen egunotan Gobernuak aldebakarreko bidea abian jartzen duenean hartuko duen jarreraren inguruan.
Aldebakarreko bidea
Erreferenduma Estatuarekin adosteko aldarrikapenak batu egin ditu independentistak eta Catalunya en Comu eta Podem, baina Espainiako Gobernuak negoziazioari uko egin ostean, aldebakartasunaren inguruko desadostasunak agertu dira.
Horixe izan da, hain zuzen ere, aldebakarreko bidearen inguruan jarrera bat adostea galarazi duena.
Puigdemontek erreferenduma antolatzen arituko diren langileen "segurtasuna" bermatuko duela hitzeman du gaurko bileran, eta Estatuarekin hitz egiteko prestutasuna agertu du.
Xavier Domenech Catalunya en Comuren koordinatzaile nagusiak ohartarazi du "bide azkarrak" independentisten "asmoen kontra" doazela, eta azpimarratu du Erreferendumaren Aldeko Ituna osatzen duten "zeharkako gehiengoak" soilik lor dezakeela kontsulta "eraginkorra".
Albano-Dante Fachim Podemen idazkari nagusiak, berriz, dituen "asmoak" jakinarazteko exijitu dio Puigdemonten Gobernuari, eta Ituna "PPren erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoei" aurre egiteko "ezinbesteko tresna" dela adierazi du.
Bestalde, Lluis Llach Junts pel Siren diputatuak esan du Estatuarekin akordioa bilatzen jarraituko duela "azkeneko unera arte", baina erreferenduma egiteko "edozer" egingo duela gaineratu du.
Bien bitartean, CUPek "eztabaida nazionala" nahi du independentziaren aldeko eta kontrako jarreren inguruan, baina prozesua luzatzeko estrategia gisa erabili gabe.