Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erasoak kontrolik gabeko taldeen ekintzak izatea espero du Zabaletak
Aralarren buruzagiak uste du "kalte handiena" ezker abertzaleari egiten diola eta garrantzia kendu dio kale erasoak gaitzesteko "gaitzespen" hitza erabili ez izanari.
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinadore nagusiak espero du azkenaldian Euskal Herrian izan diren kale erasoak "kontrolik gabeko taldeenak" izango direla, izan ere, ezker abertzaleari egiten omen diote "kalte handiena".
Zabaletak Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, ezker abertzaleak "zalantzarik gabe gaitzetsi ditu" erasoak, "bere terminologia erabiliz".
Zabaletarentzat "bigarren mailakoa" da ezker abertzaleak "ohiko hitzak" erabili izana, kale erasoak salatzeko "gaitzespen" hitza idatzi ez izana.
Ezker abertzaleak ''Zutik Euskal Herria'' dokumentua ("bide zibil eta politikoak bakarrik erabiltzearen aldeko apustu garbia egiten dute bertan", Zabaletaren esanetan) "babesten jarraitzea, hamar hilabeteren ondoren, kontuan izatekoa da", Aralarreko koordinadore nagusiaren arabera.
NaBairen etorkizuna
Bere ustetan, nahiz eta etorkizunean ezker abertzalea bildu dezakeen beste alderdi bat sortu, Nafarroa Bairen izateak ez du zentzurik galduko.
NaBai "abertzale eta progresista guztiei zabaldutako proposamen taktikoa da". Batasunak ere bat egitearen aukeraren inguruan galdetu diotenean, "ezker abertzale plural, transformatzaile eta gainontzeko alderdiekin harremanak izateko gai denak, ezkerrak politikan duen lekua bere lekua hartu behar du" erantzun du Zabaletak.
Aralarreko kideak hauteskundeetara nola aurkeztuko diren erabakitzeko eperik ez dutela esan eta ideia bat azpimarratu du: "Indar politiko guztiekin batera bidea egiten jarraitu beharra dago, independenteei ateak zabalik utziz".