Politika -

Protesta

Altsasuko herria kalera atera da berriro auzipetuei babesa emateko

Manifestazio zaratatsu batek Nafarroako herri horretako kaleak zeharkatu ditu bizi dute egoera salatzeko.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka altsasuar atera dira kalera igande eguerdian deituta zegoen manifestazio zaratatsuan parte hartzeko. Aipatu manifestazioa joan zen urrian, Altsasuko taberna batean, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egin zietelakoan auziperatutako gazteek bizi duten egoera salatzeko egin da.

Alabaina gaurko protestak bereziki salatu nahi izan du Madrilgo Soto del Real espetxean preso zeuden hiru gazteak (gainerakoak aske daude) elkarrengandik bereizi izana eta familiei horren berri eman ez izana.

Horrenbestez, protesta antolatu duen #AltsasukoakAske plataformak ohar baten bidez gaitzetsi duenez, hiru atxilotuak orain "hiru kartzela desberdinetan" daude. Preso dauden senideek atzo salatu zutenaren arabera, atxilotuetako bi Aranjuez eta Navalcarneroko presondegietara eraman dituzte "aurretiaz familiei ezertxo ere esan gabe". Bitartean, hirugarrenak Soto del Realen jarraitzen du "aldaketarik gabe, baina bakarrik".

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Joan zen astean Espainiako Auzitegi Gorenak auzi hori Auzitegi Nazionalean epaitu behar dela erabaki zuen, eta erabaki horrek etsipena eragin zuen senideen eta Altsasuko herritarren artean.

Isabel Pozuetak, Madrilen preso zegoen auzipetuetako baten amak, Radio Euskadiri adierazi dionez, familiakoen prozesua "arduraz eta etsipenez" bizi dute.

Pozuetaren esanetan, "prozesua gogorra izaten ari da"; izan ere, konponbideak agertu baino, "oztopoz betetako bidea aurkitzen ari gara".

Azpimarratu duenez, epaiketa Madrilen izateak "ez ditu soilik kalte materialak sortzen eta familiako gastuak areagotzen", baizik eta "eragin psikologiko handia ere badu".

Pairatzen ari diren "gehiegizko zigorra" beste edozein familiari egokitu ahal izan zaiola zehaztu ostean, "auzipetuta dauden gazteen eskubideak" defendatzen jarraituko dutela adierazi du.

Datorren ostegunean batzar ireki bat egingo dute Iruñean, auzia jendarteratzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako albisteak Gaurko azken orduko albistea Altsasu albisteak