Politika -
2011ko hauteskundeak
Ezker abertzalea hauteskundeetan egotea "normaltzat" jo du Aralarrek
Patxi Zabaleta Nafarroako Parlamenturako zerrenda buru proposatu izanari buruz, "Nafarroak behar duen presidentea da", esan du NaBaiko koordinatzaileak.
Erredakzioa
Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak "normaltzat" jo du ezker abertzalea hauteskundeetan egotea eta horiekin ere lehiatu ahal izatea.
Aralarrek EArekin eta ezker abertzalearekin egin dituen bileren inguruan, Nafarroa Baiko (NaBai) koordinatzaileak esan du "gonbidatuta" joan direla beti, eta Aralarrek "herrialde honetan bakea ezartzea eta normalizazio politikoan laguntzeko ekarpenak egitea" izan duela beti helburu.
Orain arte, bilerotan hauteskundeen gaia ez dela mahaigaineratu adierazi du Jimenezek, eta ukatu egin du Aralar asmo horrekin joan dela batzarretara.
Patxi Zabaleta
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia Nafarroako Parlamenturako zerrenda buru proposatu izanaren inguruan, Zuzendaritzak "koalizioaren koherentzia, kohesioa eta eduki ideologikoak" bermatzen dituelako hautatu duela azpimarratu du.
Txentxo Jimenez NaBaiko buruaren hitzetan, Zabaleta "hauteskundeetarako bermea" da, eta "Nafarroak behar duen presidentea da", gaineratu du.