Politika -
Bozketa, ostegunean
Diputatuen Kongresuak Montoro gaitzetsiko du iruzurra saritzeagatik
PSOEk, Unidos Podemosek, Ciudadanosek, ERCk, PDeCATek, Compromisek eta EH Bilduk horren alde bozkatuko dute ostegunean, eta EAJk abstenitzea erabaki du.
agentziak | erredakzioa
PSOEk, Unidos Podemosek eta CIudadanosek bat egin dute Cristobal Montoro Ogasun ministro espainiarra gaitzesteko garaian, 2012ko zerga amnistiarekin iruzurgileak saritu zituelako eta legea inkonstituzional jo zutelako egin dute gaitzestearen alde.
ERCk, PDeCATek, Compromisek eta EH Bilduk ere bat egin dute sozialistek aurkeztu duten mozioarekin, ostegunean bozkatuko dutenarekin, eta EAJk abstentzioa ematea erabaki du.
PSOEren mozioan agertzen denez, iruzurgileak saritu zituzten, printzipio konstituzionalak urratuta, zergak behar den bezala ordaintzen dituztenen gaineko karga handitzen zuten bitartean.
Montorok ez du eztabaidan parte hartu, baina ordu batzuk lehenago esan du normaltasunez hartu duela mozioa.
Mozioaren eztabaidan, Julian Lopez PSOEko diputatuak kritikatu du ministroaren "ikasketa bakarra beste tresna legal bat" erabili behar zuela izan dela, eta ardura politikoak argitu ez izana salatu du.
Unidos Podemosetik, Alberto Garzonek adierazi du zerga amnistia oso larria izan zela, ardura politikoak dituela, eta berretsi du Espainiako Gobernuak bazekiela inkonstituzionala zela.
Bestalde, Vicente Ten Ciudadanosen diputatuak uste du Kongresuaz gain Konstituzionalak ere gaitzetsi duela Montoro.
Aitor Esteban jeltzaleak abstentzioa emateko arrazoiak azaldu ditu. "Koherentziagatik" egingo omen dute, zerga amnistiak foru ogasunei eragiten ez zielako, eta zerga kontuetan jeltzaleek nahiago dutelako "muturra ez sartu".