Politika -

2011ko Aurrekontu Orokorrak

Euren aldarrikapenak Gernikako Estatutuan daudela esan du EAJk

Enplegu politika aktiboen transferentzia edozein negoziaketatan aurrera egiteko "conditio sine qua non" dela esan du berriz Erkorekak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zapateroren Exekutiboarekin aurrekontuak negoziatzen dituztenean, Gernikako Estatutuan jasotzen diren aldarrikapenak egingo dituztela esan du Josu Erkoreka Kongresuko EAJko bozeramaileak. Eta azken hogeita hamar urteetan, inork ez duela Estatutua zalantzan jarri gaineratu du.

Kongresuko Bozeramaileen Batzordearen bileraren ostean, EAJk Espainiako Gobernuarekin "aurretiko" elkarrizketak izan dituela baieztatu du Erkorekak, baina negoziaketak ez dituztela oraindik abiatu zehaztu du.

EAJko bozeramaileak azaldu duenez, alde bien arteko komunikazio "naturala" izan da elkarrizketa horien ezaugarri, eta politika ekonomiko eta sozialen inguruko gaiak zein euskal autogobernua izan dute hizpide.

Horren harira, enplegu politika aktiboen transferentzia edozein negoziaketatan aurrera egiteko "conditio sine qua non" dela esan du berriz Erkorekak.

Espainiako Gobernuko baten batek EAJren aldarrikapenak Konstituzioaren aurkakoak direla uste badu, esatea besterik ez duela azpimarratu du. "Gauza gehiago edo gutxiago jasotzen dituen esan dezakegu, baina ezin dute Konstituzioaren aurkakoa dela esanez gaia amaitutzat eman", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea