Politika -
ETAren iragarpena
Ares: "ETAren iragarpena albiste ona da, baina ez da nahikoa"
Herrizaingo sailburuak uste du beti dela positiboa "indarkeria, behin-behinean bada ere", baztertu izana. Hala ere, argi adierazi du Estatuko Segurtasun Indarrek ez dutela "su-etenik" egingo.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du ETAk "eraso ekintza armatuak" baztertzea "albiste ona" dela, baina ez omen da "nahikoa". Izan ere, ETAren agiria "anbiguoa" dela iritzi dio, ez baitu armak betiko uzteko asmorik agertzen.
Aresek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egin du agerraldia, Bilboko Txurdinaga auzoan.
Herrizaingo sailburuak "ez korapilatzeko" eskatu die alderdi politikoei, sindikatuei eta erakundeetako ordezkariei. Era berean, "su-etenen garaiak igaro direla" gogoratu ostean, "batasunari eusteko" eskatu die eragile sozial eta politikoei.
Gainera, argi adierazi du Estatuko Segurtasun Indarrek ez dutela "su-etenik" egingo.
Aresentzat, agiriak "ez die zenbaitzuk zituzten itxaropenei erantzuten, ezta ezker abertzaleko buruzagiek azkenaldian ETAri egindako eskakizunei ere".
Eusko Jaurlaritzaren agintariak gogora ekarri duenez, ETAk esan du duela hilabeteak erabaki zuela atentaturik ez egitea, "eta erabakiak hartzen direnean jakinarazi behar dira, ez hilabeteak igaro ostean: dirudienez, erradikal abertzaleen buruzagiek ere ez zekiten, zeren azkenaldian behin eta berriz exijitzen baitzioten ETAri erabakiak hartzeko".
Aresek berretsi du ez dagoela talde armatuarekin negoziatzeko inolako aukerarik, izan ere, "terrorismoa elkarrizketa bitartez amaitzeko aukera ETAk lurperatu zuen Barajasko atentatuarekin. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak askotan esan dugu elkarrizketarako inongo aukerarik ez dagoela, eta jarduera terrorista behin betiko uzteko exijitzen diogu, bestela haren kontra joko dugu eta".
Azkenik, sailburuak ohartarazi du ETAren agiria ez dela "nahikoa ezker abertzalea politikara itzuli ahal izateko; ETAk armak uztea lortzen dute ala argi eta garbi baztertzen dute indarkeria". "Ez dira erakundeak eta alderdi politikoak eskakizunak aldatu edo malgutu behar dituztenak, erradikal abertzaleak dira aldaketak egin eta erabakiak hartu behar dituztenak politikan parte hartu nahi badute", Aresen esanetan.