Politika -
ETAren iragarpena
'Egiazta daitekeen su-eten baterako urratsa eman du ETAk', EAren ustez
Horrez gain, Pello Urizarrek nabarmendu du alderdi politikoek orain "inoiz baino ardura gehiagoz" jokatu behar dutela, "interes alderdikoiak albo batean utzi eta eszenatoki berria sendotzeko".
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak begi onez hartu du ETAk egindako iragarpena. Haren iritzian, "egiazta daitekeen mugarik gabeko su-eten baterako urratsa eman du" eta horrek bakea ezartzen lagunduko duela erantsi du.
Urizarrek arratsaldean egin du agerraldia Donostian, EAren exekutiba nazionala alboan zuela, ETAren iragarpenaren inguruko iritzia emateko. EArentzat, ETAk atentaturik ez egiteko erabakia hartu izanak "berri pozgarria suposatzen du, aspalditik itxarondako berria".
Pello Urizarrek azpimarratu duenez, "orain inoiz baino ardura gehiagoz jokatu behar dute alderdi politikoek, interes alderdikoiak albo batean utzi eta eszenatoki berria sendotzeko".
Horrez gain, ETAren erabakiak azken hilabeteotan EAk eta ezker abertzaleak egindako lana bermatzen duela nabarmendu du. Gauzak horrela, subiranotasunaren alde dauden alderdiei deia egin die haiekin bat egin eta elkarlanean aritzeko.