Politika -
ETAren iragarpena
Horrela lortu zuen BBCk esklusiban ETAren agiria
Telebista kate horretako kazetari bat ETAko ordezkari batekin batzartu zen, eta hark aitortu zion indarkeria "euskal nazionalismoaren helburuentzat" oztopo ez ote den eztabaidatzen ari zirela.
Erredakzioa
BBC telebista-kate publiko britainiarrak artikulu bat publikatu du ETAren bideoaren esklusiba nola lortu zuen azaltzeko. Bideo horretan, duela hilabete batzuk "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela iragarri du erakunde terroristak.
Testua Clive Myriek sinatu du, hau da, atzo Kontxako hondartzatik albistea zabaldu zuen kazetari ingelesak.
Berriemaileak azaldu duenez, bideoa ETAko ordezkari baten bitartez lortu zuen: "Duela urtebete inguru izan nuen haren berri azkenekoz, baina bat-batean mezu elektroniko bat igorri zidan, ni aurkitu nahian zegoela esateko".
Myriek ez du zehaztu nor den ordezkaria eta zer nolako harremana daukan erakunde terroristarekin, baina pentsatzekoa da ETAko kidea dela, edo behintzat ETArekin harreman estua duela. Bitartekaria gizonezkoa dela baino ez du argitu.
Mezu horretan, ETAko ordezkariak esan zion Londresera joatekoa zela hurrengo egunetan, eta harekin batzartu nahi zuela, "zerbait" kontatu behar ziolakoan.
Azkenean, Covent Garden metro geltokitik gertu dagoen kafetegi batean bildu ziren, eta erakunde terroristako ordezkariak aitorpen bat egin zion: ETA "jardun armatua" uztea aztertzen ari zela, eta indarkeria "euskal nazionalismoaren helburuentzat" oztopo ez ote den hausnartzen.
Informatzaileak Katalunia jarri zuen adibide: "Kataluniarrek Madrildik autonomia handiagoa lortzen asmatu dute, eta hango independentistek ez dute bonbekin eta pistolekin osatutako armadarik".
Are gehiago: "Azken finean, Madrilgo politikariek ETAren indarkeria dute aitzakia independentzia erreferenduma galarazteko. Beraz, aitzakia hori ezabatuko bagenu, zer?".
Bileratxo horretan, inoiz mezu jakin bat jasoko balu, Parisko Gare du Nord tren geltokira joateko eskatu zion kazetariari.
Azkenean, berriemaileak jaso egin zuen mezua (ez du zehaztu noiz), Frantziako hiriburura bertaratu zen, eta han aipatu bideoa eman zion ETAko ordezkariak.
Estatuko Aurrekontuak
Lehendakaria Estatuko Aurrekontuei buruz ere mintzatu da, eta PSEk EAJren eta Gobernu zentralaren arteko negoziazien berri izango duela ziurtatu du. Are gehiago, bere esanetan, "seguru aski" parte egingo du negoziazioetan.
Lopezek gaineratu du "ulertu" egiten duela Gobernuak Aurrekontuak onartzeko "beharra" duela, eta jeltzaleek "zeri buruz" negoziatu nahi duten argitzea komeniko litzatekeela iritzi dio.