Politika -

ETAren iragarpena

Aralarrek "modu positiboan" baloratu ditu ETAren hitzak

Hala ere, ETAri "behin-betiko" su-etena deitzeko exijitu dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren iragarpena "modu positiboan" baloratu du gaur goizean Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak, baina talde armatuari "behin-betiko" su-etena deitzeko exijitu dio.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, "urratsa den neurrian, modu positiboan" baloratu behar dela esan du Abrilek. Egoera "betikotzeko" eta ETAk atzera ez egiteko eragile guztien lana eskatu du Abrilek.

ETAren agiriaren ondoren, Espainiako estatuari urratsak egitea dagokiola adierazi du Abrilek. "Guztion artean lortu behar dugu bakea eta normalizaziorako baldintzak ezartzea".

Zentzu horretan, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Barne sailburuak atzo egindako adierazpenak gogor kritikatu ditu. "Adierazpen onartezinak dira. Agintari politiko bati, eta gehiago Barne sailburuari, zuhurtzia handiagoarekin jokatzea dagokio".

Abrilen hitzetan ETAren atzoko iragarpenari "argitasuna" falta zaio. "Agiria anbiguoa da, eta interpretazioetarako aukera handiegia eskaintzen du. Aralarrek behin eta berriz eskatu du su-etena behin betikoa eta aldebarrekoa izan behar dela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea