Politika -
ETAren iragarpena
Nafarroako Gobernuak ETAren "geldialdi teknikoak" kritikatu ditu
Foru Gobernuko bozeramaileak "erabat" errefusatu du erakunde armatuarekin negoziatzeko aukera eta "ETA-Batasuna" instituzioetan egotea.
Erredakzioa
Alberto Catalan Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak ETAren "geldialdi teknikoak" kritikatu ditu eta "erabat" errefusatu du erakunde armatuarekin negoziatzeko aukera eta "ETA-Batasuna" instituzioetan egotea.
Foru Gobernuko ordezkariak prentsaurreko batean azaldu duenez, Miguel Sanz buru duen Gobernuak "erabat" errefusatzen du erakunde armatuarekin negoziatzea eta "ETA-Batasuna" Nafarroako, EAEko eta Espainiako erakundeetan egotea.
Indarkeria gaitzesten ez dutenei "hauteskundeetako ateak" irekitzea baztertu du, eta komunikatuaren bideoan Nafarroako bandera erabiliz "sinboloa zikindu" zutela iritzio dio.
Catalanek azpimarratu du herritarren gehiengo "zabalak" ETAk armak uztea nahi duela, "baldintza terroristarik gabe", eta poliziaren eta epaileen lana babesten dutela, erakunde armatua "nabarmen" ahultzeko "emaitza onak" eman dituelako. Era berean, "terrorismoaren biktimen duintasuna, justizia eta memoria" azpimarratu ditu.
Hala ere, zerbait positiboa ere ikusi du, alderdi politiko konstituzionalista guztiak agiriaren kontra azaldu direla. Izan ere, ETAren agiria "ez zen Espainiako gizarteak orokorrean eta Nafarroakoak bereziki espero zutena. Gizartea nazkatuta dago hainbeste presiorekin eta mehatxurekin".