Politika -

ETAren iragarpena

Aralarrek pauso gehiago eskatu dizkie ETAri eta Espainiako Gobernuari

Talde armatuaren mezuari "garrantzirik" ez zaiola kendu behar eta "bakea orain gertuago" dagoela azpimarratu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarrek ETAren iragarpenari "garrantzirik ez kentzeko" eskatu du eta bakerako bidea "betikotzeko eta sakontzeko" pausoak eman ditzatela proposatu die Espainiako Gobernuari eta erakunde armatuari berari.

Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak eta Jon Abril koordinatzaile ordeak alderdiak adostutako agiri baten berri eman dute gaur, Donostian, prentsaurreko batean, ETAk eraso ekintza armatuak baztertzeko hartu duen erabakiaren inguruan pentsatzen dutena azaltzeko.

Aralarrek "hartutako erabakia betiko dela eta ez duela atzera bueltarik argitzeko" eskatu dio ETAri. Era berean, Espainiako Gobernuari "bide politikoak eta demokratikoak erabiliz ideia guztiak defenda daitezkeela" esateko deia egin dio, "Alderdien Legea bertan behera utziz eskubide zibil eta politiko guztiak berrezarrita".

Euzko Alderdi Jeltzaleak begi onez ikusten du "mehatxu eta eraso batzuk" etetea, baina "giza eskubideen alorreko beste zenbait urraketek bere horretan" jarraitzen dutela gogorarazi dute.

Zabaletaren ustez "antzua" da ETAren agiria nahikoa ote den eztabaidatzea, izan ere, "orain bakea gertuago dago" eta aukera honi ezin zaio "alde egiten utzi".

"Egoerak eskatzen duen mailan jokatzeko eskatzen diegu alde guztiei, ardura gehien duten pertsonei bereiziki, indarkeriak eragindako mina konpontzeko eta elkarrizketa bidez akordio politikoa lotzeko", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea