Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Egibar: 'Gakoa ezker abertzalearen adierazpenean dago'

Ezker abertzaleak "ETAren erabakia kokatu egiten du", EAJko bozeramaileak azaldu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJren bozeramailearen ahotan, "gakoa ez da ETAren iragarpena, ezker abertzalearen adierazpena baizik". "ETAren beso politikoak beste komunikatu batekin aurpegia ematen duen lehen aldia da historian", azaldu du Egibarrek.

GBBren presidentearen esanetan, ezker abertzaleak gainera "ETAren erabakia kokatu egiten du". Radio Euskadin egindako elkarrizketan, "testua ez da batere boluntarista, atzeraezintasunaz mintzatzen delako", adierazi du Egibarrek.

Arratsaldean Euskadi Buru Batzarrak egindako adierazpenaz hitz egin du EAJko bozeramaileak eta "euskal gizarteak ETAri ezer zor ez" diola errepikatu du; "ETAk, ostera, bakea zor dio herri honi".

"Poza eta lasaitua"

ETAren iragarpenaren berri izan zuenean "poza" sentitu eta "lasaitua" hartu zuela adierazi du Egibarrek. Hala ere, "adierazpena irakurtzen duzunean poza estutzen" dela onartu du.

"Pauso positiboa" dela erantsi du GBBko presidenteak eta "garai berri bat zabal" daitekeela azpimarratu du. "Ezker abertzale politikoaren ordua" dela uste du Egibarrek.

Buruzagi jeltzalearen arabera, "ETA agertokitik desagertu behar du, oraindik gaur protagonista delako". "Bere gogoetak praktikara eramateko aukera du gaur ezker abertzaleak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea