Politika -
Elkarrizketak
Urizar Urkullurekin bildu da Batasunarekin duten akordioa azaltzeko
Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak ezker abertzalearekin adostutako dokumentua eman eta azaldu dio EAJren buruari.
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia Iñigo Urkullu EAJren presidentearekin bildu da ezker abertzalearekin lotu zuten akordioaren dokumentua emateko eta azaltzeko. Bertan, ETAri nazioarteak egiaztatu ahal izango duen su-etena eskatzen diote.
Eusko Alkartasunako iturriek jakinarazi dutenez, EA eta EAJ Bilboko Sabin Etxean, jeltzaleen egoitza nagusian, bildu dira. Aipatu iturrien arabera, EAk ezker abertzalearekin lotu duen akordioa euskal alderdiei azaltzeko bilera-sortan kokatzen da gaurkoa ere.
Ekainaren 20an sinatutako hasierako akordioa (Euskal Estatua eratzea helburu zuena) garatzen du gaur helarazitako dokumentuak eta indarkeria amaitzeko prozesuaren baldintzak ezartzen ditu.
Baldintza horietatik, ETAri nazioarteak egiaztatu ahal izango duen su-etena eskatzea da bat, eta baita ''Mitchell printzipioak'' errespetatzea ere. Azken horietan Ipar Irlandako bake prozesuaren oinarriak azaltzen dira.
Alderdien Legea deuseztatzea, ezker abertzalearen gertuko erakundeen kontrako prozesuak bertan behera uztea, "pertsona guztien kontrako" mehatxuak eta presioak amaitzea, "biktima guztiek kalte-ordaina jasotzea eta berradiskidetzea", ETAko presoak Euskal Herriratzea eta preso dauden gaixo larriak askatzea dira dokumentuan agertzen diren baldintzetako batzuk.