Politika -
Elkarrizketa ETBn
Egibar: "Lehen aldia da ezker abertzaleak agintea hartu duena"
GBBko presidentearen ustez, Espainiako Gobernuan "urduritasuna" dago, ez baititu ondo "kalkulatu" ezker abertzalean egiten ari ziren "mugimendu batzuk".
Erredakzioa
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidenteak nabarmendu du "lehen aldia" dela ezker abertzaleak "agintea hartu" eta "hau amaitu da" esan duena.
Gaur goizean ETBko "Egun on, Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak gogorarazi du igandean ETAk etenaldia iragarri eta gero prentsaurrekoan agertu ziren ezker abertzaleko buruzagiek azaldu egin zutela iragarpena, eta su-etena "alde bakarrekoa, mugagabea eta baldintzarik gabekoa" dela ziurtatu zutela.
Egibarren aburuz, gertakari hori "balioztatzeko modukoa" da, eta horrenbestez, kritikatu egin ditu "egun hauetan entzun ditugun topikoak".
"Iragarpena ez dela nahikoa esatea, ondo; baina ehunetik zerora ez da egun bakar batean pasatzen", argudiatu du GBBko presidenteak.
Joseba Egibarrek esan du "argi" dagoela ETAren iragarpena ez dela "nahikoa", baina "zerbait badago", "ez doa kontrako noranzkoan, behintzat".
Halaber, buruzagi jeltzaleak iritzi dio Espainiako Gobernuan "urduritasuna" dagoela, ez baititu ondo "kalkulatu" ezker abertzalean egiten ari ziren "mugimendu batzuk", eta orain, "''ez da ezer gertatzen ari'' esaten tematu dira".
EAJko kidearen ustez, orain, "lehen urratsa" Alderdien Legea "indargabetzea" izan beharko litzateke, "aukera politiko guztiak erakundeetan egon behar baitira, lortutako botoen arabera".