Politika -

Egoera ekonomikoa

Rementeriaren aburuz, 'bada garaia' soldatak igo eta enplegua hobetzeko

Krisialdian dauden enpresei laguntzeko konpromisoa azaldu du Eusko Jaurlaritzarekin batera, baina 'beste batzuek ere lagundu egin behar dute'.

Unai Rementeria gaurko ekitaldian. Argazkia: EITB
Unai Rementeria gaurko ekitaldian. Argazkia: EITB
Unai Rementeria gaurko ekitaldian. Argazkia: EITB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur esandakoaren arabera, "bada garaia" langileek krisi garaian galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, "horrela behar duelako izan". Horrez gain, "enpleguaren kalitatea hobetzeko" unea ere badela gaineratu du.

San Ignazio eguna dela eta Bizkaiko Foru Aldundiaren harrera ekitaldian egon da ahaldun nagusia, beste 500 gonbidatu ingururekin batera, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria.

Bere mintzaldian zehar, Rementeriak nabarmendu du egungoa "ilusiorako" garaia dela Bizkaian, "sekula ez garelako horren ondo egon: bakean, enplegua sortzen, erakundeetan egonkortasuna izanik eta segurtasunez bizitzen".

Rementeriaren ustez, bizi kalitate hori hobetzeko aukera dago "inor atzean utzi gabe", eta batera lan egitearen alde azaldu da, "ezinbesteko" beste erronka batzuk erdiesteko, besteak beste, "kalitatezko eta ondo ordaindutako enplegua".

Defendatu duenez, soldaten erosteko ahalmena berreskuratzea ekonomiaren susperraldia "sendotuko" du; gainera, bere iritziz, "bada garaia langileei beren esfortzua itzultzeko bidezkoa, proportzionala eta hitzartua den igoerarekin, inongo enpresaren bideragarritasuna arriskuan jarri gabe".

Ekonomiaren garapen onaren adibide gisa, Rementeriak adierazi du Bizkaian duela hiru urte baino 20.000 langabe gutxiago daudela, eta langabezia-tasa % 17,2tik % 12,2ra jaitsi dela.

Bere esanetan, 2017. urtea 2009ko datuekin bukatzea izan beharko luke erronka, hau da, 70.000 pertsona baino gutxiago egotea langabezian eta langabezia-tasa % 12aren azpitik kokatzea.

Ahaldun nagusiak baieztatu du jakitun dela zailtasunak bizi dituzten enpresetan (Edesa, CEL, General Electric edo La Naval) lan egiten duten langileen etorkizuna "zalantzazkoa" dela, eta bere egin du konponbideak aurkitzen saiatzeko konpromisoa.

Helburu horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin batera lankidetzan aritzeko asmoa agertu du, "baina argi izanik badirela beste alderdi batzuk ere, eta alderdi horiek ere lagundu egin behar dutela, oztopoak jarri ordez", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Ekonomia Unai Rementeria Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak