Politika -
Irailaren 20an
Lehendakaria Basagoitirekin bilduko da egoera politikoa aztertzeko
Hilaren 23an Eusko Legebiltzarrean egingo duten osoko bilkuraren aurretik egingo dute batzarra, urte politikoari hasiera ofiziala eman aurretik.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak bilera egingo dute egungo egoera politikoa aztertzeko, eta batzarra urte politikoari hasiera emateko, irailaren 23an, Legebiltzarrean egingo duten osoko bilkuraren aurretik izango da.
Iñaki Oyarzabal PPren idazkari nagusiak baieztatu ahal izan duenez, lehendakariaren eta Basagoitiren bilera datorren irailaren 20an izango da, eta igandean ETAk zabaldu zuen agiria izango da jorratuko dituzten gaietako bat.
Sozialistek eta popularrek EAEko datorren urteko aurrekontuen inguruan hasitako elkarrizketez ere hitz egingo dute.
Oyarzabalek azaldu duenez, egutegi bat osatu dute dagoeneko aurrekontuak negoziatzeko. Horren harira, datorren urterako Jaurlaritzak prestatuko dituen kontuak "ekonomia zorrotzaren adibide" izan behar direla adierazi du.