Politika -
Ikerketa
Garzon: 'Hitzartutakoaz aparte ez dut zentimorik jaso'
New Yorkeko Unibertsitateko egonaldian epaileak izandako diru-sarrerak ikertzeko eskatu dio Auzitegi Gorenak Guardia Zibilari. Garzonen ahotan, eskaera horrek ez du "oinarri legalik".
Erredakzioa
"New Yorkeko unibertsitatearekin hitzartutakoaz aparte ez dut zentimorik jaso", ziurtatu du gaur Baltasar Garzon epaileak. Unibertsitate horretako egonaldian epaileak izandako diru-sarrerak ikertzeko eskatu dio Auzitegi Gorenak Guardia Zibilari.
Valverde del Caminon (Huelva) emandako prentsaurrekoan, "ikerketa hau egiteko oinarri legalik ez" dagoela adierazi du Garzonek. Aldi berean zera gaineratu du epaileak: "Bakarrik eskatu behar zidaten".
"2005eko martxoaren 1etik 2006ko uztailaren 30era diru-sarrerak nondik eta noren eskutik jaso zituen" ikertzeko eskatu du Manuel Marchena Auzitegi Goreneko epaileak auto baten bidez, akusazioak hala eskatuta. Magistratuak txosten bat eskatu du.
Garzonek ez du Gorenaren ebazpena irakurtzeko betarik izan, eskaeraren berri Valverden izan duelako. Epailea lasai azaldu da eta "ezkutatzeko ezer ez" duela esan du. Era berean, guztia "ahalik eta azkarren" joateko nahia agertu du magistratuak.
Bere kontrako ekintza legal bat ez dela adierazi du Garzonek, eta Justizian konfiantza duela azpimarratu du. "Nahiz eta legearen aurrean guztiak berdinak izan, ikerketa honek ez du oinarri legalik", erantsi du.