Politika -
Lan gatazka
ETAkoak bailiran tratatzea egotzi diote guardia zibilek Gobernuari
Bestalde, guardia zibilen elkarteetako (AUGC eta UO) ordezkariei espedienteak zabaltzeko agindua eman du Barne Ministerioak, egindako adierazpen horiengatik.
Erredakzioa
Guardia Zibilen Elkarte Batuko (AUGC) eta Ofizialen Batasuneko (UO) ordezkariek "ETAko terroristak" bailiran tratatzea egotzi diote gaur Barne Ministerioari, agenteek irailaren 18an egitekoa zuten manifestazioa debekatu egin baitute.
Prentsaurrekoan, AUGCko ordezkariek iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela.
Bestalde, guardia zibilen elkarteetako (AUGC eta UO) ordezkariei espedienteak zabaltzeko agindua eman du Barne Ministerioak, egindako adierazpen horiengatik.
Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak debekatu zuen martxa, lan gatazka bat tarteko guardia zibilek ez dutela manifestazio eskubiderik argudiatuta.
Horrenbestez, AUGCko eta UOko bozeramaileek kritikatu dute Gobernuaren Ordezkaritzak "ETAko terroristak" bailiran tratatu dituela eta haien webguneak "arakatu" egin dituztela.
Helegitea onartu ezean, elkarteek aurreratu dute leku eta ordu bererako deituta dagoen beste martxa batera joango direla, herritar bezala. Aipatu deialdia Gidari Europarren Elkarteak (AEA) deitu du, Guardia Zibilaren lana babesteko.