Politika -
Manifestazioa Bilbon
Barreda: 'EA demokrazioaren mugetan kokatzen ari da'
Leopoldo Barredaren esanetan, Eusko Alkartasunak "lagun arriskutsuekin hasi du jokoa". Horrez gain, Justiziari ahalik eta azkarren jarduteko eskatu dio, deialdi berria ere debekatzeko.
Erredakzioa
Leopoldo Barreda Euskadiko PPren bozeramaileak pozik hartu du ''Adierazi EH'' plataformak larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioa debekatu izana, baina orain bigarren deialdia ere bertan behera uzteko exijitu du. "Justiziak argitasun eta azkartasun berarekin jardun behar du", azpimarratu du.
Eusko Alkartasunari ere zuzendu zaio Barreda: "Batasunak mendian jarraitzen du eta lagun arriskutsuekin hasi dute jokoa; EAk berak jarri du bere burua demokraziaren mugetan".
Barredaren aburuz, ''Adierazi EH''ren manifestazioa debekatuta, Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak eta Ertzaintzak "egin beharrekoa egin dute eta demokraziak eta Zuzenbide-Estatuak ondo funtzionatzen dutela erakutsi dute". Gauzak horrela, deialdi berria ere galaraztea nahi duela adierazi du. "Maniobra administratibo baten ondorioz legeari ihes egitea onartezina da", nabarmendu du.