Politika -

Bartzelonan

15.000 pertsona eta independentzia kutsu nabarmena, aurtengo Diadan

Kataluniaren Egunak EAJko eta Aralarreko ordezkarien presentzia ere izan du. Bitartean, Montilla presidentearen hitzaldiak kritika gogorrak jaso ditu arerio politikoengatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parte hartzaile batzuk egindako independentziaren aldeko oihuak eta "Adéu, Espanya" olerkiaren irakurketan entzun den txalo zaparrada protagonista izan dira Diadaren ekitaldi instituzionalean. Generalitatearen arabera, 15.000 pertsona bildu dira katalanen hizkuntza eta gainontzeko kultur adierazpenen aldeko jaian.

Ekitaldiaren buruan, Jose Montilla, Generalitateko presidentea, eta Ernest Benach, Legebiltzarrekoa, izan dira.

Autodeterminazioaren aldeko oihuak eta kantuak ekitaldiaren azken zatian nagusi izan dira, publikoaren parte batek "Independentzia" eta "Ez dugu Espainiako lurralde bat izan nahi" bezalako leloak esaten hasi direnean.

Urkullu: "Inbidia sentitzen dut"

Euskal alderdietako hainbat ordezkari ere Diadan izan dira; Iñigo Urkullu EAJko presidentea eta Aralarreko Aintzane Ezenarro eta Jon Abril.

Urkullu gustura sentitu da "Katalunia nazioa dela aldarrikatu eta gizalegezkoa eta demokratikoa den festa batean parte hartzeagatik".

Agintari jeltzaleak, gainera, "inbidia" sentitzen duela aitortu du, nahiz eta Euskadik ere Aberri eguna izan, festa hori ofiziala ez delako.

Duran i Lleidak eta Laportak Montillaren hitzaldia kritikatu dute

Josep Antoni Duran, UDCko liderrak, Jose Montillak atzo, Diadaren bezperan, emandako hitzaldia gogor kritikatu du. "Alderdikeri eta hauteskunde kutsu handia duen hitzaldia da; azaroaren 28ko hauteskundeen mesederako egindakoa".

Horrez gain, Kataluniako herritar guztiak kontuan izateko eskatu dio Montillari: "Nire ustez, presidenteak herritar guztiak batzen dituen hitzaldia egin behar du, independentistak izan edo ez".

Bestalde, Joan Laporta, Solidaritat Catalana per la Independènciako (SCI) liderrak "baztertzaile bakarra Estatua da", erantzun dio Montillari, "Katalunia Espainiatik gero eta gehiago urruntzen duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea