Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Olanok ukatu egin du EAJn zatiketa dagoela ETAren erabakiaren aurrean
Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du jeltzaleen jarrera "argia" dela, izan ere, "ETArekin oso zorrotzak gara eta agirian esandakoarekin motz geratu dela uste dugu".
Erredakzioa
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ukatu egin du EAJn zatiketa dagoela ETAren iragarpenaren aurrean sortu den egoeraz, eta jeltzaleen jarrera "argia" dela azpimarratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "EAJk badaki, eta bilera pertsonaletan baieztatu ahal izan du, ezker abertzalearen apustua oso garrantzitsua dela; eta bestalde, ETArekin oso zorrotzak gara eta agirian esandakoarekin motz geratu dela uste dugu".
"Hori da EAJren jarrera", berretsi du Olanok, gaiak azaltzerakoan "bakoitzak bere eran" egiten duela zehaztu aurretik.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak zalantzan jartzen du Zapateroren lehentasunen artean bakea bilatzea egoeta, eta Jesus Eguiguren PSE-EEren presidentearen ideiak kontuan izatea eskatu dio gobernuburuari, bakerako bidea "atzeraezina" dela esan zuelako.
Debekatutako manifestazioa
Haren esanetan, manifestazioak debekatu izanak indarra ematen die muturreko jarrerei. Gainera, "horrelako pausoak emanda", zalantzan jartzen du "Espainiako Estatuarentzat eta Gobernuarentzat bakea bilatzea izatea lehentasuna".