Politika -
Hauteskundeak Katalunian
Montilla: 'A-28ak Espainiarako bidea edo haustura ekarriko du'
Batzuek haustura helburu dutela ez dute ezkutatu, baina beste batzuek "ez dute aitortzeko kemenik", Generalitateko presidentearen ahotan.
Erredakzioa
"Espainia anitz" baten proiektuan herritarrek duten interesa murriztu daiteke "Kataluniak hartzen duen bidearen arabera", Jose Montilla Generalitateko presidenteak ohartarazi duenez. Hausturara eraman dezakeen beste proiektu batek ordezka dezake lehenengoa, herritarrak Espainiatik "urrunduz", Montillaren hitzetan.
Kataluniako Diada Nazionala ospatzeko ekitaldian parte hartu du Montillak Madrilen, eta hitzaldia eman du bertan. Batzuek haustura helburu dutela ez dute ezkutatu, baina beste batzuek "ez dute aitortzeko kemenik", agintariaren esanetan.
Katalunian iragan larunbatean ospakizun ofiziala egin eta bi egun geroago, Madrilen egindako harreraren "esanahi sakona" azpimarratu du Generalitateko presidenteak. "Kataluniako herritarren gehiengoak proiektu kolektiboan parte hartu nahi dutela argi uzten duelako, joera federaleko Espainia anitzean, alegia", Montillaren hitzetan.
Espainiak "garapena" izan behar du egitasmo kolektibo gisa eta bere nazio anitzeko izaera onartu behar du, "apurtzeko beldurrik gabe" eta "aberastasun ikaragarriaren" segurtasunarekin, erantsi du agintariak.