Politika -
2000. urtean hil zuen ETA-k
Ez da Joxe Mari Kortaren omenezko ekitaldirik izan, 17 urtean lehen aldiz
Korta Fundazioak urteroko omenaldia ez egitea erabaki du, baina enpresaburuak defendatutako baloreak sustatzen jarraituko du.
Agentziak | Erredakzioa
17 urtean lehen aldiz, 2017ko abuztuaren 8 honetan ez da Joxe Mari Kortaren aldeko omenaldi ekitaldirik izan. ETAk 2000. urtean hildako enpresaburu gipuzkoarra gogoan hartzeko, urtero antolatzen zuen hitzordua Joxemari Kortaren bidetik Fundazioak, baina aurten hura egiteari utziko diotela iragarri zuen.
Kortaren enpresaren atarian, Zumaian, egin ohi zen omenaldia, alderdi politiko guztietako (ezker abertzalea barne) ordezkariak bertan zirela.
Uztail amaieran jakinarazi zuen Joxemari Kortaren bidetik Fundazioak erabakia. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, "terrorismoaren amaierak ekarritako garai berria" aintzat hartuta, "gizartearen normalizazioa lortzeko prozesu gradualari ekarpen bat egitea" ebatzi zuten.
Fundazioko kideen esanetan, ordea, ez zioten "Joxemarien memoriaren" aldeko lanari muzin egin nahi. Hala, bertan iragarri zutenez, Kortak defendatutako "baloreak" dituzten hezkuntza, kirol eta ekintzailetza proiektuak sustatzen jarraituko dute aurrerantzean.