Politika -

Dokumentazioa

ETAren iragarpenaren osteko lehen atxiloketak

Azken polizia operazioa abuztuaren 21ean egin zuten, Belgikan. Luis Maria Zengotitabengoa ETAko ustezko kidea atxilotu zuten orduan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekineko zuzendaritza osatzea egotzita gaur Euskadin, Nafarroan, Valentzian eta Kantabrian egindako bederatzi atxiloketak ETAren edo ezker abertzalearen aurka egindako lehenak izan dira erakunde terroristak "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki duela iragarri zuenetik.

Dagoeneko 67 pertsona atxilotu dituzte aurten ETAko kideak izatea edo ETArekin nolabaiteko harremana izatea egotzita, zigorra betetzeko edo kale-indarkeria leporatuta atzemandakoak zenbatu gabe.

Hirurogeita zazpi atxiloketa horietako 42 Espainiako Estatuan gauzatu dituzte, 20 Frantzian, 3 Portugalen eta bana Ipar Irlandan eta Belgikan.

Hain justu, azken operazioa Belgikan egin zuten, Ostende herrian, abuztuaren 21ean. Luis Maria Zengotitabengoa ETAko ustezko kidea izan zen atxilotutakoa. Aurten Zamoran (Gaztela eta Leon) atzemandako eta lehergaiak zituen furgoneta batekin lotura izatea egotzi dio Guardia Zibilak.

Atzo bertan, Ganteko (Belgika) Apelazio Auzitegiak onartu egin zuen Zengotitabengoa espainiaratzea. Agindua abuztuko amaieran eman zuen, baina atxilotutakoaren defentsak helegitea aurkeztu zuen, eta atzo hartu dute azken erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea